"Normalitate heterosexualarekin apurtzera" dator Lea-Artibai eta Mutrikuko Desbiauen laugarren jaia
Markina-Xemeingo Akerbeltz Gaztetxean batuko dira Lea-Artibai eta Mutrikuko Desbiauak zapatuan [urtarrilak 17]. 17:00etan emango diote hasiera egitarauari 'Erresistentzia desbiatuak herrietan' mahai-inguruagaz.
Lea-Artibai eta Mutrikuko Desbiauek laugarren jaia antolatu dute zapaturako [urtarrilak 17]. Aurten, Markina-Xemeingo Akerbeltz Gaztetxea izango da eskualdeko sexu genero disidenteen elkargunea: “Aurtengoa Desbiauon laugarren jaia izango da, eta bigarrenez egingo dugu Markina-Xemeinen. Zapatuko jaia eragiteko beharrezko tresna da guretzat, eta gure herrietako egunerokotasuneko normaltasun heterosexualarekin apurtzea du helburu”.
Hala, 17:00etan emango diote hasiera egitarauari, Erresistentzia desbiauak herrietan mahai-inguruagaz. Juanes Montoya lekeitiarrak, Enetz Ximeno ondarrutarrak eta Esti Arriola berriatuarrak hartuko dute hitza, eta Maria Ortega markina-xemeindarra arduratuko da mahai-ingurua dinamizatzeaz: “Bizi esperientzia ezberdinak izan dituzten hiru desbiauez osatu dugu mahai-ingurua; izan ere, eskualdean erresistentzia desbiatua modu ezberdinean egin behar izan dituztenen ahotsak jarri nahi genituen lehen lerroan. Hala ere, bakoitzak erresistentzia leku ezberdinetatik egin arren, bide berdinaren parte dira hirurak, eta hori ere islatu nahi genuen”. Bakoitzaren esperientziatik Lea-Artibai eta Mutrikuko herrietan dauzkaten gatazka eta babesguneei buruz jardungo dute.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez “sorpresa” ezberdinez beteta egongo da zapatuko egitaraua, eta mahai-ingurua bukatu bezain pronto dinamika parte-hartzaileetan murgilduko dira bertaratuak. “Guretzat oso garrantzitsua da sare bat sortzea, bizirauteko eta inguru heterosexualetik ateratzeko beharrezkoa baita. Beraz, elkarrekin harremantzeko helburuagaz jolas ezberdinak egingo ditugu hasieran, eta ondoren, drageatu egingo gara”.
20:00etan karropoteoan batuko dira guztiak, “herriko kaleak hartu, eta dinamika heterosexualekin apurtzeko”. “Guretzat oso garrantzitsua da kaleko presentzia bermatzea, kalera talde desbiau batekin ateratzeak indarra ematen baitigu guztioi; baita, kalea beste leku batetik gozatzeko aukera ematen digu. Normalean gu moldatu behar gara, ba, oraingoan, alderantziz izango da”.
Karropoteoaren ondoren, gaztetxera itzuliko dira, eta bertan, afaltzeko aukera egongo dela azaldu dute taldeko kideek. Gero, gaueko eskaintzari emango diote hasiera: “Idadeoia igoko da lehenengo oholtzara. Kataluniatik datorren talde bat da, rap abeslari batek, bi dantzarik eta DJ batek osatzen dutena. Ondoren, DJ MJPQren txanda izango da, eta DJ Siwanabak emango dio amaiera gauari”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko Desbiauek jaira joateko deia egin die eskualdeko zein eskualdetik kanpoko sexu-genero disidenteei: “Harremanak egiteko aukera ezin hobea iruditzen zaigu. Badakigu herri txikietan zailagoa dela komunitatea eratzea; hortaz, zapatuan Markina-Xemeinen antolatutako jaira gonbidatu nahi ditugu. Zapatuko jaiaz gain, urteko gainontzeko egunetan ere antolatzen gara; besteak beste, ekainaren 28an. Beraz, desbiauon taldera etortzeko gonbita ere luzatu nahi dugu”.
Protokoloaren lanketa. Aurreko urteetako “gabeziak” kontuan hartuta, erasoen aurkako protokoloa lantzen ibili dira Lea-Artibai eta Mutrikuko Desbiauak: “Jaiak edo ekimen ezberdinak antolatzen ditugun heinean, gure erantzukizuna da ahalik eta espazio seguruena sortzea desbiau guztientzat. Beraz, aurreko urteetako hutsuneetatik abiatuta eta prozesu bat egin ondoren, protokolo bat sortu dugu egoera ezberdinei erantzuteko gaitasuna eta tresnak izateko. Egunean bertan eman daitezkeen erasoen kudeaketaz gain, prebentzioan ere jarri dugu fokua, ahalik eta zapalkuntza gutxien erreproduzitzen diren espazioa izan eta gorputz zapaldu guztientzat erosoa izateko. Horrez gain, argi utzi nahi dugu desbiauon espazioa den heinean, ez dugula utziko gizon zuri heterosexualek gure espazioa okupatu dezaten. Egoera hauen aurrean neurriak hartuko ditugu”.