Markina-Xemein izango da 'Irudiletrak' erakusketaren bigarren geltokia
Barikuan [urtarrilak 23] irekiera ekitaldia egingo dute Ane Labaka, Yolanda Larreategi eta Garazi Etxabururen emanaldiarekin.
Argazkiaren eta hitzaren arteko elkarrizketatik sortu da Irudiletrak erakusketa. 125 urteko kamera analogiko batekin hartuta, hainbat sortzaileren begirada eta ahotsa elkartzen ditu erakusketak. Juan Fdez. Egigurenen esperimentu artistiko horren emaitza barikutik [urtarrilak 23] aurrera ikusi ahal izango da Markina-Xemeingo Karmeldarren aretoan.
Hain zuzen ere, barikuan 19:00etan egingo dute irekiera ekitaldia, Ane Labaka, Yolanda Larreategi eta Garazi Etxabururen emanaldiekin; era berean, sortutako testuen audioak entzuteko aukera ere izango da. Fernandez ondarrutarraren proiektua zuri-beltzeko 37 argazkik eta beste horrenbeste testuk osatzen dute. Izan ere, irudi horietatik abiatuta, Euskal Herriko 37 sortzailek testu bana sortu dute, diziplina eta ahots anitzak elkartuz.
[JUAN FDEZ. EGIGURENI ELKARRIZKETA]
Gainera, Irudiletrak ez da esperimentu artistiko hutsa: Augustin Zubikarai idazleari egindako omenaldi pertsonala ere bada. Egigurenek azaldu duenez, argazkia eta literatura uztartzea keinu egokia iruditu zitzaion harekin izan zuen harremanaren testuinguruan.
Ondarroan estreinatu zuen erakusketa joan den azaroan, eta Markina-Xemein izango da proiektuaren bigarren geltokia; otsailaren 1era arte egongo da ikusgai. Ostean, Lekeitiora lekualdatuko dute, eta gaur gaurkoz, hori izango da azken geltokia: “Erakusketa jaso ondoren giltzapean sartuko dut, proiektuaren etapa itxi eta lanak deskantsua hartu dezan”.

Juan Fernandez Egiguren.