Popa eta elektronika uztartuz, Eskafandrak eta Ibai Silicatok 'Pospolo' singlea aurkeztu dute
Bi unibertso musikal elkartuta, Eskafandraren estilo propioa eta Silitiaren ukitu elektronikoa batzen ditu lan berriak. Singlearekin batera, irudi sinbolikoetan oinarritutako bideoa ere kaleratu dute, pospoloa eta antifaza elementu nagusi hartuta.
'Pospolo' singlearen azala. Eskafandra taldeak bere azken singlea aurkeztu du: Pospolo. Silitia taldeko Ibai Silicatoren kolaborazioarekin sortutako lana da, eta “poparen freskotasuna, elektronikaren indarra eta dantzaren energia” uztartzen dituzte. “Abestiak zalantza, errealitate gordina eta optimismo faltsua dantza-pistara eramaten ditu, erritmo bizi eta kutsakorrean bilduta”, adierazi dute.
Abesti berriarekin batera, irudi sinbolikoetan oinarritutako bideo bat ere kaleratu dute. Azaldu dutenez, bideoaren ardatza “irudi indartsuak” dira, pospolo bat eta antifaz bat elementu zentral gisara hartuz: “Letra metaforaz beteta dator: pospoloa iraultza txiki baten hasiera da, gure eguneroko inertziak astintzeko lehen txinparta. Eta antifaza, berriz, kontraesanak ezkutatzeko jantzia, gure benetako aurpegia gordetzen duen sinboloa”.
Era berean, singleak bi unibertso musikal elkartu ditu: Eskafandraren estilo propioa eta Silitiaren ukitu elektroniko berezia. Bi alderdiak elkartuz sortu dute Pospolo, “energiaz betetako pieza originala, entzulea dantza jarri eta pentsarazten duena”.