Lea Ibarrako sare feminista ehuntzen
Epe luzeko prozesuaren ostean, Berdintasun Kontseilu Herritarra sortu dute Lea Ibarra eskualdean. Besteak beste, emakumeen parte hartze soziopolitikoa sustatu, herrien zein norbanakoen arteko sareak sortu eta berdintasun politikak indartzea ditu helburu. Martxoaren 8aren bueltan, kontseiluaren irudia sortzeko logo lehiaketa jarri dute martxan.
Lea Ibarrako Berdintasun Kontseilu Herritarraren aurkezpenaLea Ibarrako Mankomunazgoa. Lea Ibarra eskualdeak badu tresna berri bat feminismotik eragiteko: Lea Ibarrako Berdintasun Kontseilu Herritarra. Parte hartzean oinarritutako organo horrek mankomunitateko ordezkariak ez ezik Amorotoko, Aulestiko, Gizaburuagako, Mendexako eta Munitibarko mugimendu feministako zein herriko beste esparruetako eragileak batzen ditu, baita norbanakoak ere.
Nahiz eta herri bakoitzean mugimendu feminista edo feminismoa lantzen duten eragileak egon, orain arte ez zegoen eskualde mailako egitura bateraturik. Beraz, hutsune hori betetzeko sortu da Lea Ibarrako Berdintasun Kontseilu Herritarra.
Prozesuaren xehetasunak. Proiektuaren hazia 2024an erein zuten, eskualde mailako lanketa bateratua proposatu, eta herriak banaka aritu beharrean, indarrak batu zituzten: “Gaur egun kontseiluan gauden bi kideren ideiatik abiarazi zen proiektua, eta Lea Ibarrako Mankomunazgoak Bizkaiko Foru Aldundiko diru laguntza batera aurkeztu zuen proiektua. Aldi berean, Lea Ibarrak bazuen jada berdintasun plan garatu bat, eta bi ildo horiek uztartuz sortu zen kontseilua eratzeko aukera”.
Diru laguntza onartu ondoren, kontseiluak Elhuyarren laguntza izan zuen metodologia eta dinamizazio lanetarako; finean, kontseiluaren sorreran bultzada eman eta eragileei laguntzeko. Bost bilera egin zituzten, horietako bi irekiak, herritarrei eta elkarteei ekarpenak egiteko aukera emanez. Iazko irailerako arautegia adostuta zuten, eta urriaren 3an aurkeztu zuten ofizialki kontseilua Gizaburuagan egindako ekitaldian. “Kontseilua izaera mistokoa da: udal ordezkariak, teknikariak, elkarteetako kideak eta norbanakoak biltzen ditu. Gaur gaurkoz, emakumeak gara denok, baina genero aniztasuna ere bilatzen dugu”, adierazi dute kontseiluko kideek.
Saretzea eta eragitea. Datozen hilabeteetako erronka nagusietako bat eskualde mailako erasoei aurre egiteko protokolo bateratua osatzea izango da. Herri bakoitzak baditu jaietako protokoloak, baina asmoa da urte osoan “aktibo egongo den tresna komun bat” sortzea, arreta eta orientazioa “parametro berdinetan eskaintzeko”. Horretarako, erreferentziazko udal protokoloak aztertzen ari dira, eta egokitzapen bateratua landu nahi dute, herri txikien errealitatera egokituta.
Bestalde, kontseiluaren helburuen artean daude emakumeen parte-hartze soziopolitikoa sustatzea, eskualdeko elkarte eta norbanakoen arteko sareak sortzea, bost udalerrien arteko elkarlana indartzea eta kultura feminista hedatzea.
Lehenengo urratsa barne-saretzea izan da: komunikazio kanal propioak sortu dituzte eta herrietako ekitaldien berri ematen diote bertatik elkarri. Ekimen bateratuak antolatzea da hurrengo pausoa. Jaietarako lelo eta irudi komunarekin, zapiak ateratzea da mahai gainean duten proposamenetako bat.
Gainera, Martxoaren 8a ate joka dagoen honetan, kontseiluak bere nortasun bisuala sortzeko urratsa eman du. Izan ere, kontseiluak izena badauka ere, irudia falta zaioa azpimarratu dute bertako kideek. Horretarako, logo lehiaketa abiatu dute, herritarrek beren proposamenak bidal ditzaten. Lanak apirilaren 10era arte aurkeztu ahalko dira posta elektronikoz, eta baldintzen artean daude, besteak beste, inoiz argitaratu gabekoak izatea eta pertsonako gehienez bi lan aurkeztea. Onartutako formatuen artean daude argazkiak, marrazkiak eta ordenagailuz egindako konposaketak.
Ekimen horren bidez, kontseiluak herritarrak inplikatu nahi ditu bere identitate kolektiboa eraikitzera, eta aldi berean, berdintasunaren aldeko proiektua ikusgarri bihurtu nahi dute.
Herritarrentzako gonbita. Izenak berak adierazten duen bezala, kontseiluak izaera herritarra izatea du helburu. Udal ordezkarien eta teknikarien presentzia garrantzitsua bada ere, “funtsezkotzat” jotzen dute kultur elkarteetako kideek, jai batzordeetakoek, hezkuntza arloko eragileek eta interesa duen edozein herritarrek parte hartzea.
Urtean lau bilera egitea eta bertan helburuak zehaztu eta lehentasunak adostea aurreikusi dute. Parte hartu nahi duenak bere herriko talde feministako kideekin edota berdintasun zinegotziarekin harremanetan jartzea besterik ez dauka.
Beraz, Lea Ibarrako Berdintasun Kontseilu Herritarrak eskualdean “betaurreko moreak” jantzita jardungo duen sare bat ehuntzea du helburu: elkarri lagunduz, koordinatuz eta feminismoa eguneroko jardunean txertatuz.