"Zientzia benetako lanbidea dela erakutsi nahi nien umeei"
Biobizkaian, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleari lotutako ikerketa zentroan, minbizi solidoaren aurkako immunoterapia ikertzen dute NK zelulak indartuz, eta bertan lanean ari da Ainhoa Iturbe Larrondo.
Gurutzeko Unibertsitate Ospitaleari lotutako Biobizkaia ikerketa institutuan dabil lanean Ainhoa Iturbe doktoratu aurreko ikertzailea, minbiziaren aurkako immunoterapia tekniketan sakontzen. Sistema immunearen zelula berezi batzuk, NK edo natural killer

zelulak, indartzean oinarritzen da bere lana, tumoreak modu eraginkorragoan suntsitzeko: “Gure sistema immuneko NK zelulekin lan egiten dut, zelula horiek ahalik eta gehien potentziatzen dituen tumorea hiltzeko eta gaixoengan albo-ondorio gutxien edukitzeko”. Ikertzailearen helburua da tratamendu berriak garatzeko oinarriak jartzea, «gaur egungo teknika agresiboagoen alternatiba gisa».
Ikerketa fase aurre-klinikoan dago, eta batez ere, minbizi solidoetan jartzen du arreta, esaterako, buruko eta lepoko tumoreetan. Kasu horietan, tratamenduen erronka nagusietakoa da tumorearen barrura heltzea. Horregatik, Iturbek nabarmendu du bere lanaren funtsezko erronketako bat dela “zelula horiek tumorea aurkitzea, bertan infiltratzea eta ahalik eta eraginkorren suntsitzea”.
Bere doktoretza lau urte inguruko prozesua izango da, baina ikertzaileak azpimarratu du zientzia etengabeko lana dela eta ikerketa ez dela inoiz gelditzen: “Nik egingo dudan lana taldeko proiektu baten parte da, eta nik lortutako emaitzekin beste ikertzaile batzuek jarraituko dute etorkizunean”.
Dibulgazioa
Ikerketaz gain, Iturbek dibulgazioan ere parte hartzen du. Duela gutxi, Lekeitioko Herri Eskolan izan zen, neska-mutil gazteei bere lana azaltzeko eta zientzia eurengana hurbiltzeko. Bere hitzetan, “umeek askotan zientzia urruneko zerbait bezala” ikusten dute: “Baina erakutsi nahi nien benetako lanbidea dela, eta gustatzen bazaie, eurak ere zientzialari izan daitezkeela”.

Bisitan, laborategiko materialak erakutsi eta esperimentu bat egin zuen, ikasleek ikerketa praktikan nolakoa den ikus zezaten. Helburua argia zen: zientzia eskuragarri eta hurbil dagoela erakustea.
Genero-ikuspegitik ere badago zer hobetu, Iturberen arabera. Bere esperientziak erakutsi dioenez, ikerketa-taldeetan emakume asko badaude ere, goi-karguetan gizonen presentzia handiagoa da oraindik ere. Hala ere, baikor agertu da etorkizunari begira, eta gazteei mezu argia bidali die: “Zientzialari izateko ez da super pertsona izan behar; batez ere, langilea izan behar zara, eta benetan gustatzen bazaizu, posible da”.
Bere lanak erakusten du zientziak aurrera egiten duela eguneroko ahaleginaren bidez, eta gaur egungo ikerketak etorkizunean minbiziaren aurkako tratamendu eraginkorragoak garatzeko oinarri izan daitezkeela.