Abadiñon ospatuko den Gazte Topagunearen aurkezpena egingo du Ernaik Ondarroan
Zapatuan [martxoak 14] egingo du Ernaik Abadiñon ospatuko den Gazte Topagunearen aurkezpena, Ondarroako Gaztetxean. Aurkezpenaren ostean bertso afaria egongo da.
Ernai gazte antolakundeak Abadiñon egingo du aurten 2026ko Gazte Topagunea, apirilaren 2tik 5era bitartean. Ezker Abertzaleko gazte antolakundeak Euskal gazteria independentista batzea du helburu, eta horretarako “politizazio eta aisialdi eskaintza zabala” barnebiltzen dituen egitaraua kaleratu du. Hala, Gazte Topagunearen xehetasunak herriko gazteei helarazteko, ekimenaren aurkezpena egingo du Ernaik zapatuan [martxoak 14] Ondarroako Gaztetxean.
18:00etan emango diote hasiera egitarauari, eta mojitoak eskainiko dituzte. Ondoren, Gazte Topagunearen aurkezpena egingo dute: “Topagunearen helburuak, egitaraua eta orokorrean xehetasun guztiak azalduko ditugu: Autobusak, eraman beharrekoa, apirilaren 3an egingo den bazkariko zehaztapenak… Gainera, jolas bat ere prestatu dugu orain arte antolatutako topaguneei buruzko galderekin”.
Ondoren, bertso afarian batuko dira bertaratuak, eta izena emateko galdetegia zabaldu dute Ernaiko kideek. “Haizea Telleria eta Enara Gallastegi ariko dira bertsotan. Afaria momentuan bertan ordaindu beharko da: zazpi euro balioko ditu”, azaldu dute antolatzaileek.
Bertsoak amaitu ostean Dj Puntx igoko da oholtzara egitarauari amaiera emateko. “Zapatuan gaztetxera etortzeko gonbita luzatu nahi diegu Ondarroako gazteei; giro ederrean igaroko dugu zapatu arratsaldea. Gainera, aurkezpenean bertan ere Gazte Topaguneko sarrerak erosteko aukera egongo da; beraz, animatu zapatuan gaztetxera, eta baita ere, apirilaren 2tik 5era Abadiñon ospatuko dugun Gazte Topagunera, gazte independentistok saretu, hausnartu eta ondo pasatzeko lekua izango baita”.