Aratz Sanchez nagusitu da Atxukale Sarian
Aranako Ford etxeko Aratz Sanchez nagusitu da XLI. Atxukale Sarian. Mutrikuko probak, estreinakoz, Peio Arreitunandia gogoratu du.
Argazkia: Aranako Ford. XLI. Atxukale Saria inoiz baino gogoangarriagoa izan da. Mutrikukoa gazte mailako Gipuzkoako lasterketen egutegian erabat errotutako proba da, baina, aurtengoan, esangura berezia eduki du: iaz zendutako Peio Arreitunandia omendu dute. Aurrerantzean, beraz, Mutrikuko probaren eta ziklista profesional ohiaren izenak betiko lotuta egongo dira. Zati bitan banatutako proba izan zen zapatukoa [martxoak 7], gogortasun orografikoa bigarrenean gorde zuena; bere abiadura probestuz, Aranako Ford taldeko Aratz Sanchez izan zen bizkorrena.
Lehen 57 kilometroetan, tropelak errepide zabalak eta leun samarrak topatu zituen. Txirrindulariek Deba aldera jo zuten lehenik, handik Mendaro, Elgoibar, Osintxu eta Soraluzera jotzeko; Osintxuko aldapa koskorra izan zen gunerik beroena, tarte hartan. Mutrikura itzuliko bidea egin ondoren hasi zen lasterketaren zati erabakigarria. Errepide estuagoarekin eta zailtasun tekniko zein orografiko azpimarragarriagoarekin, ziklistek Kalbario mendatea birritan igo behar izan zuten, Mutrikuko aldetik.

Argazkia: Aranako Ford.
Lehen pasaerak estreinako selekzioa egin zuen, eta selekzio hura are gehiago xehetu zen bigarrenean, gailurretik helmugara 14 kilometro baino ez zeuden eta. Azkenean, 25 laguneko tropeltxoa iritsi zen Mutrikuko herrigunera, eta talde hartan erabaki zen garaipena. Goranzko esprintean bere potentzia aprobetxatuz eta azken 150 metroetan erakustaldia emanez, Aranako Ford taldeko Aratz Sanchez izan zen guztietan bizkorrena. Podiumean lagun izan zituen, hurrenez hurren, F2 Informatica taldeko Eñaut Bilbao eta URT Velo 64ko Bastien Ospital. Garaileak 02.02.24an gelditu zuen erlojua.
Arabar taldearentzat egun biribila izan zen: garaipena eskuratzeaz gain, Julen Alvarez hamabigarren postuan sailkatu zen, eta Egoitz Marijuan, berriz, hemeretzigarrenean. Hala, taldekako sailkapena ere poltsikoratu ahal izan zuten. Mendiko sailkapenari dagokionez, Kalbarioko lehen pasaera bigarren postuan eta bigarren pasaera lehendabizikoan pasatuta, Team Iparraldeko Bastian Laffitte izan zen igotzaile onenaren saria jaso zuena.

Argazkia: Aranako Ford.
Minutu bateko hunkidura.
Gurpilak biraka hasi orduko, Arreitunandiaren omenezko minutu bateko isilunea egin zuten parte hartzaileek eta bertaratutako denek. Izan ere, handia da Arreitunandiak udalerrian lagatako utzitako lorratz pertsonala zein kirol alorrari dagokiona. Galizian jaotako mutrikuarrak 1999tik 2007ra bitarteko ibilbide profesionala egin zuen, afizionatu mailan emaitza adierazgarriak lortu ostean. Euskaltel-Euskadirekin egin zuen debuta, baina gerora Carvalhelhos-Boavista edota Barloworld taldeen koloreak ere defendatu zituen.