Munitibarko Bengolan instalazio fotovoltaiko berria martxan jartzeko prest dago
Lea Ibarreko Mankomunitateak egindako azpiegiturak Bengola Natur Energia zentroa hornituko du eta inguruko erabiltzaileei energia berriztagarria banatuko die.
Munitibarko Bengola eremuan kokatutako instalazio fotovoltaikoa martxan jartzeko prest dago jada. Lea Ibarreko Mankomunitateak sustatutako azpiegitura honek Bengola Natur Energia zentroaren energia beharrak asetzeaz gain, instalaziotik gertu bizi diren 44 herritarri autokontsumo partekatuaren onurak emango dizkie Leargi Energia Berriztagarrien Komunitatearen bidez.
Instalazioa Bengola Natur Energia zentroaren lurretan kokatu da, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz eta Ziortza-Bolibar lotzen dituen BI-2224 errepidearen behe aldeko eremuan. Eguzki plakak aluminiozko egitura baten gainean instalatu dira, eta segurtasuna bermatzeko hesi metalikoa eta segurtasun sistema ezarri dira inguruan. Lurrak duen aldatsa eta kokapena direla eta, ez luke balio nekazaritzarako erabilerarako.

Proiektuaren kostua 82.952,68 eurokoa izan da eta guztiz finantzatu da Europako Next Generation funtsen bidez. Bestalde, Leargi Energia Berriztagarrien Komunitateak 3.000 euroko ekarpena egin du instalazio fotovoltaikoa sare elektrikoarekin konektatzeko fusiblea ordaintzeko. Proiektuaren idazketa eta instalazio lanak Nafarkoop kooperatibak egin ditu.
Sortutako energia berehalako autokontsumo partekatura bideratuko da. Alde batetik, Bengola Natur Energia zentroaren kontsumoa hornituko du, eta soberakina instalaziotik 500 metrora bizi diren edo jarduten duten 44 erabiltzailek kontsumitu ahal izango dute. Egungo araudiaren arabera, halako instalazioetako onuradunen eremua 500 metrokoa da, nahiz eta teilatuetako eguzki instalazioetan 2 kilometrokoa izan daitekeen.
Autokontsumo partekatu hori kudeatzeko, beharrezkoa da Energia Berriztagarrien Komunitate bat egotea. Horregatik, 2023an Lea Ibarreko Mankomunitatea osatzen duten bost udalek onartutako erabakiari jarraituz, lankidetza hitzarmena sinatu dute mankomunitateak eta Leargi Energia Berriztagarrien Komunitatea kooperatibak. Hitzarmen horri esker, instalazioak sortutako energia soberakina inguruko herritarrek kontsumitu ahal izango dute.
Akordioaren arabera, Leargik bere gain hartuko ditu instalazioaren mantentze, segurtasun eta aseguru gastuak, baita autokontsumo partekatuan parte hartuko duten erabiltzaileei zerbitzua ematea eta fakturazioa kudeatzea ere. Horrez gain, energiaren eta ingurumenaren inguruko prestakuntza eta sentsibilizazio ekintzak sustatuko ditu Lea Ibarreko bost herrietan.
Hitzarmenak 25 urteko iraupena izango du, eta bi aldeek jarraipen bilerak egingo dituzte elkarlanaren bilakaera aztertzeko. Bestalde, Bengolako instalazioaren onuradun izango diren 44 bazkideen kontsumo eta fakturazio datuak dagoeneko bideratuta daude hornitzaileekin, eta aurreikusten da instalazioa epe oso laburrean martxan jartzea.
Instalazio fotovoltaikoak 60 kilowatteko potentzia izango du, 105 eguzki plaka hiru ilaratan banatuta, eta 24 graduko inklinazioa izango dute, lurraren eta plaken angelua kontuan hartuta.