Zumatzeta eta inguruko kaleen berrurbanizazioa uda ostean hasiko da 700.000 euroko inbertsioarekin
Espaloiak zabaldu, azpiegiturak berritu eta trafikoaren antolaketa aldatuko da; lanek irauten duten bitartean auzoko obra pribatuak mugatuta egongo dira.
Uda ostean hasiko dira Zumatzeta, Otxoa Urkiza eta Buenaventura Zapirain kaleak berrurbanizatzeko lanak, 700.000 euroko inbertsioarekin. Proiektuaren helburua auzoaren irisgarritasuna eta azpiegituren egoera hobetzea da, eta, aldi berean, azken urteotan herritarrek egindako eskaerei erantzuna ematea. Egitasmoaren barruan, Paskual Abaroa etorbideko zati bat ere egokituko da oinezkoentzat, zehazki 7tik 14ra bitarteko tartea.
Berrurbanizazio lanen bidez, espaloiak berritu eta zabaldu egingo dira, oinezkoen segurtasuna eta erosotasuna bermatzeko. Gainera, espazio horiek egokiagoak izango dira mugikortasun urriko pertsonentzat. Espaloiak handitzeak trafikoaren antolaketan aldaketak ere ekarriko ditu. Aurrerantzean, Zumatzetako errepidea noranzko bakarrekoa izango da, goranzko zentzuan, Paskual Abaroatik Agirre Solartera.
Halaber, zaharkituta dauden instalazioak berrituko dira, besteak beste saneamendu eta hornidura sareak, auzoari azpiegitura moderno eta eguneratuak eskaintzeko.
Lanek hainbat hilabete iraungo dute eta denbora horretan auzoko eraikinetan egin nahi diren obra partikularrak mugatuta egongo dira. Etxebizitza, fatxada edo teilatuetan egin nahi diren lanak egin aurretik, proiektua Udaleko Hirigintza Sailean aurkeztu beharko da. Sail horrek aztertuko du proposamena berrurbanizazio lanekin bateragarria den ala ez, eta horren arabera emango du baimena.
Zumatzeta eta inguruko kaleen berrurbanizazioa esku-hartze zabalago baten lehen fasea da. 2022an egindako parte-hartze prozesuan herritarrek auzoa berritzeko hainbat proposamen eta ekarpen aurkeztu zituzten, eta proiektu honek iritzi eta eskaera horiei erantzun nahi die.