Arantza Ibarrak liburu berria aurkeztuko du Ondarroan
Esperientzia pertsonaletik abiatuta, seinaleak, mezuak eta beste plano batzuetako bizipenak ulertzeko 'Avisos del otro lado' liburua argitaratu du Arantza Ibarrak. Ondarroako Idiakez liburu dendan aurkeztuko du zapatuan, 12:00etan.
Arantza Ibarrak liburu berria aurkeztuko du. Arantza Ibarra. Arantza Ibarrak Avisos del otro lado liburua aurkeztuko du zapatuan, 12:00etan, Ondarroako Idiakez liburu dendan. El Club de la Niebla argitaletxearekin kaleratutako lanak egilearen esperientzia pertsonalak jasotzen ditu, besteak beste, “beste plano batzuetatik” heldutako mezuak eta bizipen espiritualak mahaigaineratzen ditu.
Ibarrak azaldu duenez, liburuaren abiapuntua jendearen jakin-minetik dator: “Jende askok galdetu izan dit nola ulertu beharko lituzketen seinaleak, zenbakiak edo letrak, eta zer mezu dagoen bakoitzaren atzean”. Hala, jendeari mezuak ulertzen laguntzeko asmoz idatzi du liburua.
Hala ere, lanaren muina bere bizipenetan dagoela zehaztu du idazleak. Ibarrak azaldu duenez, 2024ko abenduan Valentzian DANA gertatu zenean amets bertara joateko mezua jaso zuen ametsetan: “Danaren ondorioz espiritu asko galduta gelditu ziren bertan”. Beraz, Valentziara joan eta esperientziak “beste ate batzuk ireki” zizkiola azaldu du: “Beraz, ordutik jasotako mezuak, trantze egoerak eta amets argiak bereizi eta azaltzen ditut liburuan”.
Avisos del otro lado izenburuak berak ere badu esanahia idazlearen hitzetan: etorkizunari buruzko abisu posibleak dira, baina ez nahitaez beteko direnak. “Dena gure esku dago; gure jokabidearen arabera gauzak alda daitezke”, nabarmendu du egileak.
Lehen pertsonan idatzita, liburuak hainbat gai jorratzen ditu: mezu espiritualak, musika, bitxiek iraganean izandako esanahia eta kometak ere ageri dira. “Elementu asko ageri dira liburuan. Baina helburua jendeari sentitzen edo ikusten dituzten gauzak ulertzen laguntzea da”.
Gainera, aurkezpena ere bide beretik irudikatzen du Ibarrak: “Ez dut soilik liburua aurkeztu eta sinatu nahi, baizik eta konfiantzazko espazioa sortu nahi dut, jendeak galdetzeko, hitz egiteko eta bakoitzaren esperientziak partekatzeko. Izan ere, badakit ez dela erreza kontu hauei buruz hitz egitea”.
Zapatuan, beraz, interesa dutenek aukera izango dute egilea gertutik ezagutu, zalantzak argitu, eta idazlearen esanetan, “behar duten lasaitasuna aurkitzeko”.
Bestelako proiektuak. Ondarroako aurkezpenak gain, etorkizunean liburua beste leku batzuetara eramatea ez du baztertzen Ibarrak. Bien bitartean, beste hainbat proiektu ditu eskuarteak: marrazkigintza, olerkigintza zein fikziozko beste liburu baten sorkuntzan ere badabil. Gainera, berriki umeei zuzendutako Gaia liburua argitaratu du Kaiet Bengoetxearekin batera.