Bertsozale Elkartearen udalekutan parte hartzeko izen ematea zabalik dago
Bertsozale Elkarteak Bertso Udalekuetan izena emateko bigarren epealdia zabaldu zuen, herenegun. Lehenengo deialdian, 16-18 urtekoen Getadarko txanda bete egin dela jakinarazi dute, eta, beraz, gainerako hiru txandetan izena emateko aukera dago orain. Izena emateko galdetegia www.bertsozale.eus webgunean dago.
Azaldu dutenez, orain arte izena emateko lehentasuna izan dute bertso eskoletako kideek edota gurasoren bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenek: “Txandatan gelditzen diren azken lekuak eskaini zaizkio orain publiko zabalari”. Izena eman ahala osatuko dituzte txandak, eta, hala, “bizkor ibiltzea” komeni dela adierazi dute.
2015 eta 2017 urteen artean jaioek Zuhatzan (Araba) egingo dute egonaldia, uztailaren 26tik 30era bitartean. 2013 eta 2014 urteetan jaioak Getadarren (Nafarroa) elkartuko dira uztailaren 9tik 15era bitartean, eta leku berean egongo dira 2011 eta 2012 urteetan jaiotakoak, uztailaren 25etik 31ra bitartean.
Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesten dute Bertso Udalekuen egitasmoa, eta Irizarrek laguntzen du.