Bizkaiko Foru Aldundiak etxeTIC zentro deszentralizatua ireki du Lekeition etxeko zainketak indartzeko
Apirilaren 27an martxan jarri den zerbitzuak Lea-Artibaiko 260 pertsona ingururi emango die arreta, mendekotasun egoeran dauden pertsonak eta haien zaintzaileak laguntzeko arreta presentziala eta teknologia aurreratua uztartuz.
Bizkaiko Foru Aldundiak etxeTIC zentro deszentralizatu berri bat irekiko du Lekeition, etxeko zainketetarako laguntza indartzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonen zein haien zaintzaileen bizi kalitatea hobetzeko. Zerbitzua apirilaren 27an jarri da martxan, eta Lea-Artibai eskualdeko sei udalerritako 260 pertsona ingururi emango die arreta.
Zentro berriak Amoroto, Aulesti, Gizaburuaga, Ispaster, Mendexa eta Lekeitioko erabiltzaileei eskainiko dizkie bere zerbitzuak, eskualdeko arreta sarea zabaltzen lagunduz. Etorkizunean, Lekeitioko baliabidea Bizkaiko Foru Aldundiak Markina-Xemeinen eraikitzen ari den erreferentzia zentroaren mende egongo da. Zentro hori amaitu bitartean, Ondarroako etxeTIC zentroari lotuta funtzionatuko du.
EtxeTIC zentro deszentralizatuek ez dute eguneko zentroko zerbitzurik eskaintzen, baina ereduaren oinarrizko laguntza guztiak mantentzen dituzte. Horien artean daude zaintzaileentzako orientazio pertsonalizatua, etxean laguntza zuzena zaintza plan indibidualizatuen bidez, jarraipena egiteko gailu teknologikoen erabilera, zaintzaileentzako prestakuntza eta bizi ohitura osasungarriak sustatzeko jarduerak, aurrez aurrekoak zein telematikoak.
Lekeitioko zentroa Santa Elena etorbidean kokatzen da, udalerriko turismo bulegoarekin partekatutako lokal batean, Udalak lagata. Hasiera batean, astelehenetan goizez eta arratsaldez egongo da zabalik, 10:00etatik 18:00etara, eta eguenetan arratsaldez, 15:00etatik 19:00etara.
Bizkaiko Foru Aldundiak 2021az geroztik ari da garatzen etxeko laguntza sistema berritzaile bat Gizarte Ekintza Sailaren bidez. Eredu horrek arriskuak prebenitzeko eta detektatzeko teknologia erabiltzen du, eta erreferentziazko zentroetan eskaintzen den arreta presentzialarekin uztartzen da. EtxeTIC zerbitzua publikoa eta doakoa da, eta mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako beste baliabide eta prestazioekin bateragarria.
Zentro berria martxan jartzearekin batera, foru erakundeak hurbileko zainketen estrategian aurrera egiten jarraitzen du. Helburua da zaintzaileen gainkarga arintzea, erantzukidetasuna sustatzea eta pertsonek ahal den neurrian beren ohiko ingurunean bizitzen jarrai dezaten erraztea, aldi berean zerbitzu horiek Bizkaia osora modu orekatuan hedatuz eta lurralde kohesioa indartuz.