Franck Dolosorrek 'Gernika batailoia, askatasunaren ametsa' liburua aurkeztuko du Ondarroan
Franck Dolosor 'Haltza'-k 'Gernika batailoia, askatasunaren ametsa' liburua aurkeztuko du barikuan [apirilak 17] 18:30ean, Ondarroako Kofradia Zaharrean.
Gudari ondarrutarren senideek antolatuta, Franck Dolosor Haltzak Gernika Batailoia, askatasunaren ametsa liburua aurkeztuko du barikuan [apirilak 17] 18:30ean Ondarroako Kofradia Zaharrean.
Bigarren Mundu Gerran Gernika batailoia sortu zuten euskaldunek Frantzian Hitlerren gudarostearen aurka borrokatzeko, eta batailoi horretan gutxienez hamasei ondarrutarrek parte hartu zutela jakinarazi dute gudari ondarrutarren senideek. Hala, oraindik identifikatu gabe dituzten gudariak badaudela argitu dute, eta horregatik antolatu dute barikuko liburu aurkezpena; Dolosorren lana aurkezteaz gain, senideen artean sarea eraiki eta identifikatu gabeko gudariak izendatzen jarraitzeko: “Gernikako batailoian egon ziren hamasei ondarrutar ditugu identifikatuta, baina senideon artean inoiz ez dugu sarerik izan. Leku edo ekitaldi ezberdinetan parte hartu dugu baina bakoitzak bere aldetik egin du bidea. Duela gutxi, bi senideen iniziatibagaz martxan jarri ginen, eta senideen artean sarea sortzea helburu, liburu aurkezpena antolatu dugu aitzakia gisa”. Senideek sasoiko zenbait argazki dituzte, baina bertan agertzen diren pertsona batzuk identifikatu gabe daude: “Gure helburua sarea sortu eta jendea identifikatzen jarraitzea da. Orain da momentua, ze, zain geldituz gero, urte batzuk barru oraindik zailagoa izango da”.
Senideentzat “berebiziko garrantzia” dauka informazioa trukatzeak; izan ere, mugitzen hasi diren honetan, informazio gehiago jaso dute: “Guztia mugitzen hasi garenean taldeko senide batek orduko bere aitaren paperak eta medaila bat berreskuratu ditu. Medailaren berri bageneukan, ze, bagenekien, denei eman ziotela ziurtagiri bat eta medaila bana. Hala ere, batzuk bidean galdu ziren”.
Gernikako batailoian egondako ondarrutarrez gain, Lea-Artibai eta Busturialdeko herritarrak ere identifikatuta dituztela azaldu dute senideek: “Ondarroako hamasei gudariez gain, hiru lekeitiar, bost bermeotar, berriatuar bat, eta beste elantxobetar bat ere identifikatuta ditugu. Segur aski inguruko beste herrietan ere egongo da jendea identifikatu gabe”.
Beraz, antolatzaileek ondarrutarrak zein inguruko herritarrak gonbidatu nahi dituzte barikuko hitzaldira: “Lehenengo liburua aurkeztuko du Dolosorek, eta gero, gure asmoak azalduko ditugu, hurrengo urratsak zeintzuk diren zehaztuz. Esan bezala, gure helburua senideon arteko sarea eraiki eta gutxinaka jende gehiago identifikatzen joatea da”.