Mutrikuko Gaztetxearen 25.urteurrena ospatuko dute Gaztetxe Egunean
Egun guztiko egitaraua antolatu dute Gaztetxe Egunerako. Bazkarian apuntatzeko azkenengo eguna apirilaren 22a [eguaztena] izango da.
Mutrikuko Gazte Asanbladak bigarrenez antolatuko du Gaztetxe Eguna apirilaren 25ean [zapatua]. Gainera, aurtengoa, ospakizun “berezia” izango dela jakinarazi dute asanbladako kideek; izan ere, Gaztetxe Egunean Mutrikuko Gaztetxearen 25. urteurrena ospatuko dute, 25 urte, ezto mugaik! lelopean: “Aurten Mutrikuko Gaztetxeak 25 urte betetzen ditu. Mende laurden honetan gaztetxea espazio fisiko bat baino askoz gehiago izan da: belaunaldi ezberdinetako gazteak batzeko lekua, aisialdi alternatiborako gunea eta borrokarako aterpe bihurtu da. Urtez urte, herriko gazte askoren konpromisoari, lanari eta ilusioari esker mantendu da bizirik, eta horri esker heldu da aurten 25 urte betetzera”.
Hala, egun guztiko egitarauarekin borobilduko dute 25. urteurrena. Goizean Buruhandi eta erraldoien kalejira izango dute, eta ondoren, trikipoteoa bertsoekin girotuta. Eguerdian bazkarian batuko dira guztiak, eta izena ematea irekita dago apirilaren 22ra arte. “Mutrikuko gaztetxeko instagrametik idatzita, asanbladako kideren bati esanda edo karteleko QRa beteta apuntatu daiteke bazkarian”, azaldu dute asanbladako kideek. Pikatzeko zizka-mizkak, entsalada, gisatua, postrea, kafea eta edariak sartzen dira menuan, 10 euroren truke.
Bazkalostea girotzeko zumba egongo da, eta ondoren, Txaranga a la mutrikuarrak hartuko ditu herriko kaleak. Egunari amaiera emateko DJ Farrukitas igoko da oholtzara.
Gaztetxe Egunarekin 25 urteetan gaztetxearen bueltan lanean ibilitako guztiak oroitu nahi dituzte asanbladako kideek: “Ez da edonolako lorpena 25 urte betetzea. Hori horrela, aurtengo urtea ospakizun huts bat baino gehiago izatea nahi dugu. Urteurrena gogorarazteaz gain, gaztetxearen sorreran eta 25 urteetan modu ezberdinetan parte hartu duten kide guztien elkargune bihurtzea nahi dugu”. Beraz, Mutrikuko Gazte Asanbladako kideek herritarrak ospakizunera gonbidatu nahi dituzte eta Gaztetxe Egunean berriki ateratako 25. urteurreneko kamisetak janzteko deia egin dute: “Apirilaren 25ean egun osoko egitaraua izango dugu, eta bertara hurbiltzeko deia zabaldu nahi dugu. Era berean, antolaketan edo bestelako lanetan laguntzeko prest dagoenari gonbidapena luzatu nahi diogu”.