Giro "oso ona" egon da Ondarroako Gaztetxearen 13+23. urteurrenean
Ondarroako Gazte asanbladak egun guztiko egitaraua antolatu zuen zapatuan [apirilak 25], gaztetxearen 13+23. urturrena ospatzeko.
Iago Magoren ikuskizuna, Ondarroako Gaztetxean. Ondarroako Gazte Asanblada. Ondarroako Gazte Asanbladako kideek gaztetxearen 13+23. urteurrena ospatu zuten zapatuan [apirilak 25], eta egunaren balorazio “oso ona” egin dute. “Egun guztian jendea batu zen egitaraua, eta orokorrean, oso ondo baloratzen dugu eguna”.
Goizean gaztetxean batu ziren, mahaiaren bueltan, euskal eszena musikalari buruz hausnartzeko. Aurka, Betepaeta eta Hil da Laboa kolektiboko kideek hartu zuten hitza mahai-inguruan: “Goizeko mahai-inguruak euskal eszena musikalean sakontzeko aukera eman zuen, baita musika kolektibo ezberdinen eta gaztetxeen beharra azpimarratzeko ere. Finean, musika komertzialetik at musika egin eta kultura antikomertziala sustatzeko mahai-ingurua izan zen”.
Ondoren, marianitoaren ordua izan zen, eta gero, bazkaltzeko eseri ziren guztiak gaztetxe kanpoan: “Marianitadan zein bazkaritan oso giro ona izan genuen. Lasai egoteko momentua izan zen”. Bazkalostean Iago Magoren magia ikuskizuna egon zen, eta antolatzaileen arabera “oso parte hartzailea” izan zen ekitaldia: “Mundu guztia harrituta utzi zuen”.
Gaueko kontzertuen aurretik kalera atera ziren gazteak Debrass band txarangak lagunduta: “Egitaraua herrira ateratzeko balio izan zuen eta sekulako giroa jarri zuen herriko kaleetan”. Kalera atera aurretik bi argazki ateratzeko elkartu ziren gazteak: “Lehenengoa, bazkariaren aurretik atera genuen, Berangoko auzipetuei elkartasuna adierazteko, eta bigarrena, magia ikuskizuna eta gero atera genuen. Zapatuan bertan desalojatu zuten Errotxapeako gaztetxeari eta atxilotuei elkartasuna adierazteko”.
Txarangagaz herriko kaleak zeharkatu ostean, kontzertuen txanda izan zen. Zauria talde lekeitiarra eta Zerotan talde ondarrutarra igo ziren oholtzara: “Gaztetxea jendez bete zen, eta sekulako giro ona egon zen”. Ondoren DJ ondarrutarrak egon ziren: Unai Osa eta Gorka Ugarte, lehenengo, eta Jussef, amaitzeko.

Bazkaritan batu ziren Ondarroako gazteak. Argazkia: Ondarroako Gazte Asanblada.