Plaza jendez beteta, Musikaia Eguna arrakasta handiz ospatu da
Musikaia Egunak giro aparta eta parte hartze handia utzi zituen barikuan [apirilak 24], antolakuntzak egindako balorazioaren arabera. Jardunaldia primeran joan zela nabarmendu dute, eta eguraldia lagun izateak ekintza guztiak kalean egiteko aukera eman zuela azpimarratu dute.
Plazan egindako emanaldian jende ugari bildu zen, eta antolatzaileek oso gustura bizi izan zuten eguna. Gainera, anbiente bikaina sortu zela azaldu dute, herriko giro onarekin eta musikaz betetako ospakizunarekin.

Musika eskolatik eskerrak eman nahi izan dizkiete parte hartu zuten guztiei, bereziki ikasleei, familiei eta lagunei, egun berezi hau posible egiteagatik. Era berean, aitortza berezia egin diete Itxaropena Txistu Taldeari, Aittitta Makurra Txarangari eta Aratuste Alai Estudiantinari, beste urte batez elkarlanean aritu eta horrelako jardunaldi polit bat aurrera eramateko aukera emateagatik.
Antolakuntzak adierazi du Musikaia Eguna herritik eta herriarentzat egindako ekintza izan dela, eta emaitza oso polita izan dela. Horrela, musikak eta elkarlan giroak protagonismo osoa hartu zuten beste behin.
