Euskalgintza eta feminismoaren arteko gurutzaketari buruz hitz egingo dute Agirrek eta Eskisabelek, Mutrikun
Bihar [apirilak 29] eskainiko dute hitzaldia Idurre Eskisabel Larrañagak eta Lorea Agirre Doronsorok, Mutrikuko Zabiel Kultur Etxean.
Idurre Eskisabel Larrañagak eta Lorea Agirre Doronsorok idatzitako Trikua esnatu da. Euskaratik feminismora eta feminismotik euskarara liburua abiapuntutzat hartuta, euskara eta feminismoaren arteko gurutzaketari buruz hitz egingo dute bihar [apirilak 29], 18:30ean, Mutrikuko Zabiel Kultur Etxean eskainiko duten hitzaldian. EMAk antolatutako hitzorduan liburuaren bi autoreek hartuko dute hitza.
Agirrek eta Eskisabelek euskarak eta feminismoak dauzkaten loturei buruz hitz egingo dute bihar: “Gaur eta hemen emakume izatea eta euskaldun izatea bazterreko izateko bide dira oraindik. Prestigioaren, pribilegioen eta eskubideen banaketak osatzen duen jendarteko botere sarean jokoan daude euskararen normalizazioa eta genero berdintasuna”. Biak, emakume eta euskaldun izatea, “menderakuntzaren alaba” direla dio liburuak: “Horregatik, biak dira indibidualki zein kolektiboki ahalduntzeko eta boteretzeko lekuak, zein jendarte berdinzale eta bizigarriago baten alde eragiteko guneak. Gainera, hizkuntza eta generoa gurutzatu egiten direla badakigu, hizkuntza hautuak genero eraikuntzatik igarotzen direla eta alderantziz”.
Lisipe bildumako zazpigarren saiakera da Agirrek eta Eskisabelek idatzitako Trikua esnatu da. Euskaratik feminismora eta feminismotik euskarara liburua, 2019an argitaratua.