Garraitz Kirol Taldeak asteburu bikaina osatu du Plentzian jokatutako Euskadiko Taldekako Triatloi Txapelketan. Lekeitioko taldeak gizonezkoetan txapela eskuratu zuen eta emakumezkoetan azpitxapeldun amaitu zuen, taldearen momentu bikaina berretsiz.
Gizonezkoen sailkapenean, Garraitz Kirol Taldeko A taldeak garaipen argia lortu zuen 55 minutu eta 42 segundoko denborarekin. Bigarren sailkatu zen Peñota baino ia minutu eta erdi azkarrago helmugaratu zen, eta hirugarren izan zen Amandarri Triatloi Klubari bi minutu eta hogei segundo baino gehiagoko aldea atera zion.

Taldeko arduradunek nabarmendu dute garaipenaz gain garrantzi berezia izan dutela beste taldeen emaitzek ere. Garraitzeko B taldeak bosgarren postua eskuratu zuen eta C taldeak zazpigarrena, talde osoaren maila handia agerian utziz.
Emakumezkoetan lehia estuagoa izan zen, baina Garraitz Kirol Taldeko neskek bigarren postu bikaina eskuratu zuten. Txapeldun izan zen Getxo Triatloi Taldearen atzetik amaitu zuten, eta hirugarren sailkatu zen Amandarriri hiru segundoko aldea besterik ez zioten atera.

Klubetik egindako balorazioa oso positiboa izan da, bai lortutako tituluagatik, bai talde osoak erakutsitako sendotasunagatik. Emaitza hauek ikusita, Garraitz Kirol Taldea jada hurrengo erronkari begira dago, eta datorren hitzordu nagusia Hondarribiko triatloia izango da.