Ondarroako Wikiemakumeen lana ezagutarazteko hitzordua jarri dute Etxelilan
Tokiko eta nazioarteko emakumeen biografiak sortu, itzuli eta eguneratuz dabiltza Euskal Wikiemakumeen taldeak. Hala, haien lana azaldu eta taldea zabaltzeko asmoz, aurkezpena egingo dute bihar [apirilak 29], 18:00etan, Etxelilan.
Ondarroako Euskal Wikiemakumeek taldea aurkeztuko dute bihar [apirilak 28], 18:00etan, Etxelilan. Aurkezpenaren helburua herritarrei proiektua ezagutarazteaz gain, taldea zabaltzea ere bada. Gainera, bertan, Ondarroako kideez gain, Durangoko taldeko hainbat lagun ere izango dira. Hala, bi taldeen artean Wikipediari buruz hitz egin, eta euskarazko Wikipediaren xehetasunak, datuak eta gako nagusiak azalduko dituzte.
“Wikipedia 2001ean sortu zen, eta mundu osoko erabiltzaileek osatzen duten entziklopedia librea da. Bere berezitasun nagusietako bat da edozein pertsonak bere hizkuntzan ekarpenak egiteko aukera duela”, azaldu dute taldeko kideek. Gainera, euskarazko Wikipedia ere urte berean sortu zen, eta entziklopedian dauden 300 hizkuntzen artean, artikulu kopuruari dagokionez, 23. postuan dago euskara: “Datu horrek agerian uzten du euskararen komunitatea oso aktiboa dela, bereziki kontuan hartuta hizkuntza gutxitua dela. Izan ere, proportzioan, euskarazko Wikipedia oso postu altuan dago”.
Wikiemakumeok ekimena 2015ean sortu zen, Euskal Wikilarien Elkartearen barruan, emakumeen presentzia handitzeko helburuagaz. Beraz, Wikiemakumeen lan nagusia emakumeen biografiak sortzea, eguneratzea eta beste hizkuntzetatik euskarara itzultzea da. Baina ez hori bakarrik: genero ikuspegia ere arretaz lantzen dutela azpimarratu dute. “Historikoki gizonen biografiak nagusitu dira, eta gainera, emakumeen biografietan ere erreferentzia asko gizonenak izan dira. Hau da, emakume baten biografian ohikoa izan daiteke haren senarra, aita edo inguruko gizonak lehen lerroan agertzea. Halakoetan, testuak berrikusi eta zuzentzen ditugu, emakumeen ibilbidea eta lorpenak erdigunean jartzeko”.
Azken urteetan egindako lanak emaitza “esanguratsuak” eman dituela azaldu dute: “2017an euskarazko Wikipedian emakumeen biografiak %13,5 besterik ez ziren; gaur egun, 2026an, %36ra iristea lortu dugu. Horrez gain, Euskal Wikilarien Elkarteak 2027rako jarritako helburua -30.000 emakumeren biografia izatea- dagoeneko bete da, “aurreikusitakoa baino lehenago”.
Ondarroako taldea. Ondarroako Wikiemakumeen taldea 2024ko irailean sortu zen. Udaleko Berdintasun Kontseiluan aurkeztu zuten proiektua, eta Etxelila hartu zuten lanerako eta elkartzeko espazio gisa. Hasierako urratsetan, Durangoko taldearen laguntza “funtsezkoa” izan zen, kide askok ez baitzekiten Wikipedia erabiltzen.
Proiektuaren abiapuntuan “garrantzi berezia” izan zuen 11barrik. Izan ere, Ondarroako emakume kirolarien hainbat biografia jasota zeuden jada, eta horiek osatu eta aberastea izan zen lehen pausoa. “Hortik aurrera, jarduna zabaltzen joan gara: biografia berriak sortu, sortuta zeudenak aldatu, eta beste hizkuntza batzuetakoak euskarara itzuli ditugu”.
Gaztelaniaz, frantsesez, katalanez edo alemanez dauden biografiak euskarara ekarri dituzte, mundu mailako emakumeen ibilbideak euskaraz ere eskuragarri jarriz: “2024ko irailetik gaur egunera 31 biografia berri sortu ditugu, 306 itzulpen egin, eta 72 artikulu hobetu”. Gainera, tokiko eragina “nabarmena” izan dela azaldu dute: “Ondarroako biografietan emakumeen presentzia %34koa zen 2024an; gaur egun, %51tik gora da. Beraz, genero arrakalari dagokionez ere bagabiltza helburuak lortzen”.
Taldeko partaideek esan bezala, kide bakoitzak bere interes eta motibazioen arabera aukeratzen ditu Wikipedian lantzeko gai edo biografiak: “Horregatik, askotariko biografiak aurkitu daitezke: herriko emakumeak edo baita nazioarteko erreferenteak ere; besteak beste, palestinarrak, arabiarrak edo libanoarrak”. Gainera, lan egiteko orduan, dokumentazio iturriak “ezinbestekoak” direla nabarmendu dute: Wikipedian datu objektiboak argitaratu behar dira. Horretagatik euskal hedabideak erabiltzen ditugu: Argia, Berria eta Hitza. Baita, tokiko aldizkariak edo historialarien lanak ere. “Batzuetan egunerokotasunetik ere sortzen dira ideiak: pelikula bat ikusi, liburu bat irakurri edo elkarrizketa bat entzutean”.
Biografiak sortzeaz gain, taldeak bestelako jarduerak ere antolatu ditu azken hilabetetan; besteak beste, hitzladiak, dokumentalen proiekzioak eta antzerkiak. “Helburua ez da soilik Wikipedian edukia sortzea, baizik eta herrian bertan ere emakumeei aitortza egin eta zabaltzea”.
Herriari zabalik. Taldeak herritarrak animatu nahi ditu parte hartzera. Eguaztenero elkartzen dira Etxelilan, 10:00etatik 12:00etara: “Lan polita eta aberasgarria da guretzat, eta uste dugu herriari ekarpena egiten diogula. Taldea handitu nahi dugu, jende gehiago animatzea gustatuko litzaiguke. Beraz, biharko aurkezpena aukera paregabea izan daiteke proiektua gertutik ezagutzeko”.