Azken Gudura Ala jaialdia, rap musikaren habitat
Mutrikuko Gaztetxeak Azken Gudura Ala jaialdia hartuko du bihar [maiatzak 1], 22:30ean hasita. Showcase formatudun emanaldiak egingo dituzte lehenik, Mateo Zikuta eta El Gartoren kontzertua orduko. Pintxadak biribilduko du hip-hop gaualdia.
Mateo Zikuta eta El Garto. Ezto mugaik! lelopean, Mutrikuko Gaztetxeak bere ibilbideko 25. urtemuga bete du, eta, mende laurden hori ospatze aldera, kultur egitaraua erabat oparoa prestatu dute. Apiril osoan zehar, denetariko jarduerez gozatzeko aukera aproposa izan dute gaztetxean, eta, hain zuzen, iragan zapatuko Gaztetxe Egunarekin gailurra harrapatu zuten. Alabaina, ospatzeak aurrera darrai, eta asteburu hau ere kontzertuz beterikoa izango da, bihar eta etzi bitartean.
Bihar [maiatzak 1], Azken Gudura Ala jaialdia hartuko du gaztetxeak. Doako sarrerarekin, 22:30etatik aurrera, rap eta hip-hop doinuak izango dira nagusi. Zati bitan banaturiko egitaraua ondu dute antolatzaileek. Lehendabizi, showcase formatuko emanaldien txanda izango da. Bost artista igoko dira oholtzara, beren proposamen musikalak jendaurrean defendatzera: Blesz, Maro Joven Santo, Mati, Tasuri eta Calié.
Ondoren, gaualdiko plater nagusia dastatzeko unea iritsiko da: Mateo Zikuta eta El Gartoren kontzertua. Artista gasteiztar biek bat egin dute, raparen koordenatuetan mugitzen den Ketura operazioa izeneko LPa kaleratzeko. Lege Martzialaren eskutik plazaratu dute hamar abestiz eta intro batez osatutako album berria, eta bikotea haren aurkezpen lanetan ari da egun buru-belarri.
Aldarria nonahi.
Aldarrikapen sozialez eta errima kritikoz jositako albuma da Ketura operazioa. Horren erakusle dira, kasurako, Eskolako motxila, Misilen zai, Putreak inguruan edota Iltzeak eta belarrak abestien hitzak. Kolaborazioak ere esanguratsuak dira lanean: alde batetik, Ramsek Hirialdeko ehiztari pistan parte hartu du; bestetik, Caliék, Flow Torreta-n. Hortaz, albumean elkarrekin parte hartutako musikariek oholtza partekatu ahalko dute Mutrikun. Alde estilistikoari dagokionez, aniztasuna du bandera LPak. Egileek «kriptikotasunetik aldentzeko eta sampler ilunak bilatzeko» hautua egin dute.
Gaualdia ez da kontzertuarekin amaituko: Rumik pintxada egingo du hura amaitu ostean. Rap eta dancehall doinuak izango dira nagusi.