"Desbiauak" saretzera dator Mamarratxosnaren Pla-pla jaia
Ondarroako Mamarratxosnak asteburu guztiko egitaraua antolatu du bihar [maiatzak 1] eta etzirako [maiatzak 2].
Duela hiru urteko Pla-pla jaia. Mamarratxosni. Udaberriari ongietorria ematera dator Ondarroako Mamarratxosnak bigarrenez antolatu duen Pla-Pla jaia. Ondarroako kaleak musikaz, dantzaz eta aldarrikapenez beteko dituzte asteburuan, eta helburua, sexu-genero disidenteak saretzeko espazioak sortzeaz gain, Mamarratxosni herriari ezagutaraztea ere badela azpimarratu dute: “Sexu-genero disidenteek osatutako talde transmaribolloa gara, eta Andra Mari jaietan txosna jartzeaz gain, lanketa ezberdinak ere eramaten ditugu aurrera. Gainera, txosna fisikoa daukagunez, urtean behin baino gehiagotan atera nahi dugu kalera. Oraingoan, herriko frontoian eramango dugu aurrera egitaraua”.
Duela hiru urte antolatu zuten lehen aldiz Pla-pla jaia, eta asteburu honetakoa bigarrena izango da: “Berez, hasierako gure asmoa bi urtetik behin antolatzea zen, baina aurreko urtean ezin izan genuen, beraz, oraingoan, gogo gehiagorekin gatoz”. Hala, bihar [maiatzak 1] emango diote hasiera egitarauari: “18:00etan irekiko dugu txosna, eta egitarauari ere orduan emango diogu hasiera, Klase borroka transfeminismotik. Herrietan zer? erresistentziak eta bizirauteko estrategiak mahainguruagaz. Mijo Lizarzaburuk eta Txutxik parte hartuko dute”. Ondoren, Bizi sintetikoak emanaldiak poesia eta musika uztartuko ditu. “Gauak aurrera egin ahala, jan-edana eta musika izango dira nagusi, 02:00 arte”.
Zapatuan [maiatzak 2] 12:00etan ekingo diote egitarauari, zumbagaz, eta 14:30ean bazkaritan batuko dira guztiak. “Bazkariak arrakasta handia izan du eta oso pozik gaude jende kopuruagaz”, azpimarratu dute antolatzaileek. Bazkalostean, Aissa Intxausti eta Aner Peritz bertsolariek hartuko dute lekukoa, eta arratsaldean bingo musikatua egongo da. 19:00etan Delirio Segismundo performancea egongo da: “Ikuskizunaren estreinaldia izango da. Izan ere, Pla-pla jaialdirako propio sortutako lana da”.
22:30ean Katiuskak taldea igoko da oholtzara, eta ondoren, herriko Lumatzak MJ hirukotearen txanda izango da: “Lutzamaken ikuskizuna amaitzean gaztetxera joango gara guztiok, eta bertan jarraituko dugu jaiagaz”.
Antolatzaileek herritar guztiak animatu nahi dituzte Pla-pla jaian parte hartzera: “Pla-pla elkartzeko, saretzeko eta elkarrekin bestelako gauzak sortzeko espazioa da, baina baita herriari eskaintzen zaion kultur proposamen bat ere. Herritarrak jaira gonbidatu nahi ditugu”. Hala ere, Mamarratxosnako kideek “argi” adierazi dute jai segurua izatea dela helburua:”ez da inolako erasorik onartuko; gorputz guztientzat eta disidente zein desbiauentzat espazio segurua izango da”.