Ehunka lagun batu dira Lekeition, soldaten ta eskubideen alde
LAB sindikatuaren eskutik egindako manifestazioan keinu egin diete munduko herri langileei eta elkartasuna eskatu dute herrien artean.
LAB sindikatuak gaur goizean mobilizazioa egin du Lekeition, Maiatzaren Lehenaren harira, “Langileok eragin” lelopean. Bertan bildutakoek azpimarratu dute langileak eragiten ari direla jada soldaten hobekuntzan, gutxieneko soldata propioaren aldeko borrokan, euskararen defentsan eta gerra inperialisten aurkako jarreran.
Mobilizazioan, sindikatuak gogora ekarri ditu euskal preso, iheslari eta deportatu politikoak, salbuespen neurrien amaiera eskatu eta etxeratzeko aldarria eginez. Era berean, nazioarteko elkartasuna nabarmendu dute, Kubarekiko babesa adieraziz blokeoa salatzeko, Saharako herriaren autodeterminazio eskubidea defendatuz eta Palestinarekiko elkartasuna berretsiz, genozidioaren aurka.

LABek ohartarazi du langileek ez dutela gerren ondorioen kostua bere gain hartuko, eta ez dutela onartuko enplegu galerarik, lan baldintzen okertzerik, bizi kostuaren garestitzerik edo zerbitzu publikoen ahultzerik. Ildo horretan, kritikatu dute gastu militarra handitzeko joera eta ekonomia militarizatzeko arriskua, eta bestelako industria politika baten beharra aldarrikatu dute, trantsizio ekosozialean oinarritua.
Arlo sozialean, enplegua, zaintza lanak eta aberastasunaren banaketa erdigunean jarriko dituzten politikak eskatu ditu sindikatuak. Zerbitzu publikoak indartzearen garrantzia azpimarratu dute, osasuna, hezkuntza eta zaintza eskubideak bermatzeko. Halaber, euskararen aurkako oldarraldiari aurre egiteko neurri sendoak eskatu dituzte, euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzeko.
Etxebizitzaren inguruan, espekulazioarekin amaitzeko premia nabarmendu du LABek, eta maizterren lehen grebaren antolaketa aipatu du borroka tresna gisa. Bestalde, babesa adierazi die hainbat lantokitan martxan dauden borrokei eta pentsiodunen mugimenduari, pentsio duinen alde egindako lanagatik.
Sindikatua irmo agertu da soldatak eta pentsioak hobetzeko beharrean, bizi kostuaren igoerari aurre egiteko, eta berriz ere aldarrikatu du Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa ezartzea neurri bidezkoa eta bideragarria dela. Patronalaren eta gobernuen jarreraren aurrean, mobilizazioarekin jarraituko dutela berretsi dute.
Amaitzeko, LABek gazteriaren parte hartzea nabarmendu du gaur goizeko mobilizazioan, eta sindikalismo borrokalari, feminista, euskaltzale eta antiarrazista indartzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du. Mezua argia izan da: borroka da bide bakarra langile guztientzat bizitza duina bermatzeko.