Shibarik ordezkatuko dau Arlanka San Gregorioko barikuko kontzertuetan
Kaxeroen jaitsiera, kontzertuak, herri paella, herri kirolak eta 38. San Gregorio Txapelketako finalak izango dira maiatzaren 7tik 16ra bitarteko egitarauaren ardatz nagusiak, herritarren parte-hartzea sustatzeko helburuagaz.
Berriatua prest dago eguen honetan [maiatzak 7] San Gregorixuk 2026 egitarauko ekitaldirik esanguratsuenetako batzuei hasiera emateko. Lehen asteburuan “giro ona” eta antolatzaileen balorazio positiboa izan ostean, jaiak bere unerik indartsuenean sartuko dira.
Udaletik eta jai batzordetik lehen jardueren harrera ona nabarmendu dute, eta herritar zein bisitariei datozen egunetako ekitaldietan parte hartzeko deia egin diete. Adin guztietarako pentsatutako jardueren bidez, herri parte-hartzea indartzen jarraitzea da helburua.
Egitarauari eguenean [maiatzak 7], emango zaio jarraipena 19:00etan hasiko den kaxeroen jaitsiera tradizionalagaz. Jaietako ekitaldirik esperoenetakoa da, eta aurten ere 40 bat lagunek, ume zein helduk, parte hartuko dute herriko kaleetan barrena egingo den kalejiran. Antolatzaileek herritarrak mozorrotuta irtetera eta giroan murgiltzera animatu dituzte. Ondoren, 19:30ean, Olatz eta Aiza bikotearen musika emanaldia izango da.

Barikuan [maiatzak 8], jardueraz beteriko eguna izango da. Goizean, 10:00etatik 13:00etara, umeentzako jolasak egingo dituzte. Arratsaldean, 18:00etan, Kataluniatik etorritako ordezkaritza bati ongietorria egingo zaio, eta 19:30ean, Sarats Dantza Taldearen emanaldia izango da. Gauari amaiera emateko, 22:30etik aurrera, kontzertu gau handia izango da. Azken orduko aldaketa baten ondorioz, Shibari taldeak ordezkatuko du Arlanka, osasun arazoengatik baja hartu ostean; hala ere, Txuleria Joder! eta Añube taldeek ere euren emanaldiak eskainiko dituzte. Eskualde osotik jendea erakartzea espero dute antolatzaileek.
Jaietako egun handiena zapatuan [maiatzak 9], San Gregorio Egunean, izango da. Egitaraua 12:00etan mezeagaz hasiko da, eta jarraian, 12:30ean, erraldoien kalejira egingo da. 14:30ean, herri paellaren aurkezpena egingo dute, ondoren bazkari herrikoiari hasiera emateko. Parte-hartze handia aurreikusten da aurten ere. Arratsaldean, 17:30ean playback saioa izango da; 19:00etatik aurrera elektrotxaranga ibiliko da kalez kale, eta gauean, 22:30ean, kontzertuak izango dira Skapaie, Mirua, Iratzar Erromeria eta Elepunto taldeekin. Gainera, aurten ere jaietako autobus zerbitzua egongo da, eskualdeko hainbat puntutatik etortzea errazteko.
Egitarauak domekan [maiatzak 10], jarraituko du herri kirolen aldeko apustuagaz. 12:00etan, aizkolari eta harri-jasotzaile ezagunek parte hartuko duten probak egingo dira. Arratsaldean, 19:00etan, Tapia eta Leturia taldearen kontzertuak emango dio amaiera asteburuko egitarau nagusiari. Antolatzaileen arabera, publiko zabalago bati zuzendutako proposamena da, musika eskaintzari aniztasuna emateko helburuagaz.
Egun batzuetako etenaldiaren ostean, jaiak maiatzaren 14an itzuliko dira Ekai Lersundiren dokumentalaren emanaldiarekin, LGTBIfobiaren aurkako egunaren harira antolatuta. Amaiera handia maiatzaren 16an iritsiko da, BTT martxagaz, zesta punta probagaz eta 38. San Gregorio Txapelketako finalakaz.
Antolatzaileek mezu argia zabaldu dute: jaiak gozatu, ekitaldi guztietan parte hartu eta ospakizunak errespetuz eta elkarbizitzaz bizitzea, Berriatuk beste behin jai gogoangarriak bizi ditzan.