Unai De La Dehesak eta Olatz San Miguelek menderatu dituzte Lea-Artibaiko errepideak
"Inoiz baino jende gehiago" erakarri du hamalaugarrenez ospatu den Lea-Artibai Rallye txapelketak zapatuan [maiatzak 2]. Zaleek bide bazterrak bete dituzte Aingeru Castro, Ioritz Odiaga, Iraitz Olariaga edo Mikel Gandiaga pilotuak ikusteko.
Unai De La Dehesak eta Olatz San Miguelek irabazi dute XIV. Lea-Artibai Rallye txapelketa.Ander Zelaia Motor hotsen eta abiaduraren zaleek goraino bete zituzten Lea-Artibaiko bide bazterrak joan den zapatuan [maiatzak 2]. Eskualdeko zein kanpotik etorritako rallyak ikusteko aukera egon zen barikuan Markina-Xemeinen egindako irteera ekitaldian, eta zapatuan heldu zen zaleek hainbeste itxarondako lasterketa. Espainia mailan S-CER txapelketan konpetitzen ari den Unai de la Dehesa pilotuak eta bidean lagun izan duen Olatz San Miguel kopilotuak eraman dute XIV. Lea-Artibai Rallye lasterketako txapela.
“Inoiz baino jende gehiago” erakarri du aurten hamalaugarrenez ospatu duen Lea-Artibai Rallye txapelketak, eta barikuko irteera ekitaldian eta zapatuko lasterketan sortu zen “giro ona” azpimarratu dute Kastinparro Racing taldeko antolatzaileek. Eguraldiari begira pasa zuten asteburua zale, pilotu eta antolatzaileek. Lea-Artibain lasterketak egitea “kaos” bat izan ohi da eguraldi aldetik, eta oraingoan ere, urduritasun eta zalantza asko piztu dituen aldagaia izan da. Autoak azken unera arte altxatuta izan zituzten pilotuek, lehorreko edo euritarako gurpilak muntatu erabakitzen zuten artean. Gurpilen hautaketa izan zen asteburuko buruhausterik handiena, eta erabat erabakigarria izan zen egindako aukeraketa.

Unai De La Dehesa XIV. Lea Artibai Rallyen.Ander Zelaia
Espainia mailan kotxerik onena eta kilometro askoko ibilbidea dauka Unai De La Dehesa Pilotu burgostarra ikuskizuna eskaintzera etorri zen eskualdera, eta zale askok aurreikusi bezala, bere Citroen C3 Rally 2 autoa izan zen lehena lasterketaren tarte guztietan, 01.01:37ko markarekin. Txapeldunak ia lau minutuko tartea atera zien bigarren postua lortu zuten Aingeru Castro eta Alaitz Urkiolari, hala ere, errepideak menderatu eta bigarren postua emango zien lasterketa ikaragarria egin zuten. Ioritz Odiaga eta Iker Mintegia. Kastinparro Racing taldean lehiatzen duen bikotearen Citroen C3a atzeragoko postuetan hasi zen egunaren lehen zatian, hala ere, azken tarteetan, euritan gidatzeko trebetasunak erakutsi eta aurrea hartzea lortu zuten, hirugarren postua eurenganatuz. Laugarren postua lortzeko lehia oso handia izan zen Iraitz Olariaga eta Ion Zubiaurren rallyaren eta Mikel Gandiaga eta Anton Gandiagaren rallyaren artean, hala ere, 20 segundoko aldea erabakigarria izan zen laugarren postua Olariaga eta Zubiaurreren Honda Civicari emateko.

Ioritz Odiaga XIV. Lea-Artibai Rallye txapelketan.Txebi Arriaga
Irten aurreko ezustekoak. 67 autok eman zuten izena lasterketan parte hartzeko, hala ere, ezusteko eta gora-beherak zirela eta, 30 rallyk amaitu zuten lasterketa. Aurtengo kinielan, zale askok Gorka Antxustegiren eta Garikoitz Lopezen aldeko apustua egin zuten, baina aurreikuspenek ez ziren lasterketan gertatutakoarekin bat egin. Oso lasterketa ona egin behar zuen Gorka Antxustegik, baina bere Renault Clio Williamsaren motelgailuak arazoak eman zizikion goizeko lehen tartean, eta beranduago lasterketa berrartu bazuen ere, ez zuen jada irabazteko aukerarik izan. Lopezek eguna oso ondo hasi zuen, eta lehen bosten artean amaitzeko aukerak zituen, hala ere, ez zuen gurpilekin asmatu eta motorrean arazo bat izan zuen, podiumera igotzeko aukera galduz.
Antolakuntzako kideek Gorka Idigoras eta Nerea Campos pilotuak gogoratu nahi izan dituzte Gizaburuagan izandako istripuaren ostean. Antolatzaile eta zaleek susto handia hartu bazuten ere, ospitalean egindako egiaztapenek ondo daudela iragarri dute, eta antolakuntzatik animoak eman nahi izan dizkie pilotu eta kopilotuari. Gainera, esker bereziak eman nahi izan dizkie laguntzaile, babesle, udaletxe eta kolaboratzaileei. Baita zale guztiei ere, emandako babesagatik.

Mikel Gandiaga lasterketan.Txebi Arriaga
Indar eta gogo handiz. 2003. urtean hasi zen Kastinparro Racing taldea auto lasterketak antolatzen. Rallyen modalitateko hamalaugarren lasterketa izan da aurtengoa, eta antolakuntza lanetan aritzen diren kideek lasterketan parte hartzen dute urtez urte. 10 lagunen lan nekaezinaren emaitza da asteburuan Etxebarria eta inguruetan bizitakoa, eta beti “gogotsu” antolatzen badute ere, lan handia dela aitortu dute taldekideek. Beti “puntu bat gehiago” ematen saiatzen dira, ibilbide tarte berri bat antolatzen edo bi eguneko ekitaldia egiten. Urtero gero eta jende gehiago erakartzen du ekitaldiak, eta horren izena ezagunago egiten den heinean, lan kargak ere gora egiten duela ikusten ari dira. Hori horrela, antolakuntza arduratuta agertu da: “Jasotzen dugun erantzunagatik jarraitzen dugu, baina ikusten ari gara atzetik ez datorrela inor. Egunean bertan laguntza izugarria izaten dugu, 200 lagunetik gora hurbiltzen dira euren alea jartzera, baina ez daukagu bermatuta hurrengo belaunaldiek hau antolatzen jarraituko dutenik”. Hala ere, ardurak alde batera uzteko gaitasuna izaten dute urtero, “gogotsu eta indartsu” dabil Kastinparro Racing antolakuntza lanetan, eta datorren urtera begira, badabiltza zer gehitu pentsatzen.