Euskara delako zubirik ederrena
'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpaina egiten ari da Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea hirugarren urtez.
Paula Cristina Monteiro Rodrigues, Dahye Kim, Cauria Teyeb Ahmed Salem, Aurora Rayo, Karelys Borges Fernandez, John Bryan Saenz Zambrano, Marianela Veintimilla Acuña, Bonavie Rendon, Marta Abiy Abegaz, Alejandra Andres, Hamida Cherfaoui Mostefaoui eta Loli Hernandez Paz. Kuban, Hego Korean, Saharan, Nikaraguan, Etiopian, Aljerian, Filipinetan, Kolonbian, Ekuadorren, Portugalen, Argentinan edota Hondurasen jaiotako euskaldunak dira. Bizi, berriz, Ondarroan, Lekunberrin, Lezon, Igorren, Leitzan, Hondarribian, Zumaian, Ikaztegietan, Seguran, Arantzan, Basaburuan eta Gatikan bizi dira. Eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen Egin nirekin ere euskaraz! kanpainaren parte dira.
Gaztelera, hassaniera, arabiera, koreeera, portugesa eta amharera jaso dute etxean, besteak beste, eta euskara, beraz, ez da beraien lehen hizkuntza, baina euskara ikasi dute eta ikasten ari dira, eta euskaraz aritu nahi dute herritarrekin: “Askotan, ordea, azalaren koloreagatik, aurreiritziengatik edota auskalo zergatik erdaraz hitz egiten diete gainerako herritarrek. Badakite, ordea, euskara dela zubirik ederrena, eta euskara ukatzen dieten bakoitzean zubia ere ukatzen dietela sentitzen dute. Kanpokoak direla esaten diete zeharka. Horregatik, beraiei ere euskaraz egitea nahi dute. Gustatzen zaielako, eta euskaldunak ere sentitzen direlako”.
Hain zuzen ere, UEMA hirugarren urteaz ari da kanpaina egiten, eta Euskal Herrira etorri diren eta euskara ikasi duten edota ikasten ari diren euskal herritarrei aitortza egin nahi die aurten, batetik edo bestetik etorri arren, denak bertakoak eta euskaldunak direla nabarmenduz.
Apirilaren 27tik, egunero kanpainaren protagonista bati buruzko bideoa argitaratzen ari dira, euren esperientziak ezagutzera emanez, eta gaur bertan [maiatzak 5] kaleratu dute Ondarroan bizi den Paula Cristina Monteiro Rodriguesena.
Kulturartekotasuna. Kanpainaren abiapuntuan Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan egitasmoa dago. Kulturartekotasuna lantzeko egitasmoa Zaldibian abiarazi zuen UEMAk lehenik, HUHEZIrekin eta Zaldibiako hainbat eragilerekin batera, eta azken urteotan 29 herritara zabaldu dute elkarlanean UEMAk, udalek eta hainbat eragilek: “Herri horietako zenbaitek kezka adierazi zuten, lanketa handia egin arren, aurreiritziek indar handia dutelako oraindik, eta beste herrialdeetatik etorritakoei askotan erdaraz egiten dietelako herritarrek, euskaraz jakin arren”.
Horrenbestez, euskarak “jatorri eta kolore asko” dituela eta azalaren kolorea edota hiztunaren jatorria askotarikoa izanda ere, herritar horiek ere euskaldunak direla nabarmendu nahi du Egin nirekin ere euskaraz! kanpainak.
Lehenengo urtean, 2023ko azaroan, euskaldun arrazializatuen inguruko aurreiritziak gainditzeko asmoarekin abiatu zuten kanpaina. Umeak eta nerabeak izan ziren kanpainaren irudia, eta ekimenak “oihartzun ederra” izan zuen sareetaen zein hedabideetan. Orduan, beste herrialdeetatik etorri eta ostalaritzan eta merkataritzan lanean ari diren euskaldunak ikusarazteko beharra ere nabarmendu zioten hainbat udalek UEMAri, eta horiek izan ziren kanpainaren bigarren aldian protagonistak iaz.