Helmugak Bizipoza jaiak irriak, kantuak eta dantza ekarriko ditu Berriatuara
Kolorez, musikaz eta emozioz beteriko aurkezpen ekitaldian ezagutarazi dute Berriatuan egingo den Helmugak Bizipoza Jaiaren egitarau osoa, kirola, elkartasuna, euskara eta herri giroa uztartuko dituen hiru eguneko ospakizunarekin.
Atzo [maiatzak 4], Berriatuak Helmugak Bizipoza Jaiaren aurkezpen ekitaldi soziala hartu zuen, herria kolorez, musikaz eta ilusioz jantziz. Bizipoza osatzen duten balioak ardatz hartuta, antolatzaileek jaiaren nondik norakoak aurkeztu zituzten ekitaldi hunkigarri eta parte-hartzaile batean, bertaratutako guztiak kantuan eta dantzan jarrita.
Harrera beroarekin abiatu zen ekitaldia, anfitrioi lanetan Porrotx eta Zapotxin pailazoak, Bibitxa kolektiboa, Bizipoza Elkartea eta Helmugak izan zirela. Koloreen bidezko ibilbide sinboliko baten bidez azaldu zuten maiatzaren 22tik 24ra Berriatuan ospatuko den jaiaren esanahia eta helburu soziala.
Bibitxa kolektiboak gidatu zuen aurkezpena, eta Porrotxek urdin kolorearen bidez azaldu zuen Lea-Artibairen izaera harrerailea. Zeruaren kolorearekin lotuta, eskualdea denon aterpe eta topagune dela nabarmendu zuen, muga guztien gainetik iristen diren pertsonak beso zabalik hartzen dituen lurraldea dela azpimarratuz.
Joseba Goienola Berriatuko alkateak adierazi zuen udalaren poza eta esker ona herria jai honen egoitza izateagatik. Azpimarratu zuen ekimenak bete-betean islatzen duela Berriatuaren izaera solidarioa, auzolanean oinarritua eta euskarari estuki lotua. Hori kolorearekin lotu zuen mezua eguzkiaren beroa eta komunitatearen indarra izan ziren.

Helmugak elkarteko Ander Txakartegik gogorarazi zuen 2015etik martxan dagoen elkartearen lana, eta aurtengo erronka nagusia aurkeztu zuen. Maiatzaren 22an 22:00etan abiatuta, parte-hartzaileek Lea-Artibai eskualdeari sei bira emango dizkiote bizikletaz, elkartasunaren aldeko erronka ikusgarrian. Ekimenak natura, kirola, pertsona eta euskara uztartzen ditu, elkartearen oinarrizko balioei jarraiki.
Bizipoza Elkarteko Garazi Oregik azaldu zuen elkarteak gaur egun izaera bereziko gaiak lantzen dituzten 39 elkarte biltzen dituela, besteak beste gaixotasunak, heriotzaren pedagogia, aniztasun funtzionala, kulturartekotasuna eta genero-sexu aniztasuna lantzen dituztenak. Jaiaren helburua gai horiek gizarteratzea, sentsibilizatzea eta ikusgarri egitea dela nabarmendu zuen. Aspanovas eta Aspanogiko ordezkariek ere hartu zuten hitza, jasotzen duten babesaren garrantzia azpimarratuz.
Ekitaldian kolore moreak emakumeen indarra eta mundu bidezkoago baten eraikuntza irudikatu zituen; gorriak, berriz, bihotza eta maitasuna. Amaieran, beltzak gau izartsua eta etorkizuneko ametsak irudikatu zituen, denon arnasa elkartuta ostadar bihurtu zirenak.
Aurkezpenaren amaieran, herritar guztiak maiatzaren 22tik 24ra egingo diren ekitaldietan parte hartzera gonbidatu zituzten. Egitarau oparoa prestatu dute, adin guztietarako proposamenekin. Eguenean erronkaren hasiera eta kontzertuak izango dira; barikuan haurrentzako bizikleta jarduerak eta kirol ekintzak; eta igandean festa nagusia ospatuko da, Porrotx, Marimotots eta Zapotxinen emanaldiarekin, kalejirarekin, paella solidarioarekin, GO!AZENeko ikuskizunarekin eta kontzertuekin, besteak beste .
Helmugak Bizipoza Jaiak berriz ere erakutsiko du elkartasuna, herrigintza eta poza eskutik joan daitezkeela, Berriatu bihurtuz asteburu batez kolore guztien topaleku.