Ikasleen erakusketagaz eman diote hasiera Ondarroan kultur aniztasun asteari
Atzo [maiatzak 4] eman zioten hasiera aste osoko programazioari, eta zapatuan [maiatzak 9] amaituko da, 'Berriz etorriko zera' dokumentalaren estreinaldiagaz.
Ondarroako Udalak Kultur Aniztasun asterako egitarau “bete-betea” antolatu du, udalerriko ikastetxeekin -Zubi Zahar Herri Ikastola, Zaldupe Eskola eta Ondarroa BHI institutua- eta Unanue Kamara Koralagaz elkarlanean.
Atzo [maiatzak 4] eman zioten hasiera asteari herriko ikasleek prestatutako arte erakusketagaz. Pedro Lasarte Iparragirre eta Natalia Zubova Kasatkinaren laguntzarekin egindako ikasleen lana udal erakusketa aretoan egongo da ikusgai domekara arte: “Aniztasunari buruz pentsatzeko eta hausnartzeko aukera bikaina da herritar guztiontzat!”. Astelehenetik barikura 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik aretoa; zapatuan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; eta domekan 12:00etatik 14:30era. Erakusketaz gain, bestelako jarduerak ere izango dira. Maiatzaren 4tik 7ra bitartean, Errebala Txikiñe Gaztelekuan eta Kofradia Zaharrean “Kultur aniztasun elkarrizketak” egingo dira.
Maiatzaren 6an [eguaztena] 19:00etan, Kofradia Zaharrean hitzaldia eskainiko du Jon Maia Soriak Extremaduratik euskarara, barne eta kanpo bidaia, bere bizipen eta ibilbideari buruzko gogoeta partekatuz. Barikuan [maiatzak 8], 16:00etan, Zaldupe eskola publikoan “Kultura jaia” ospatuko da, giro parte-hartzaile batean.
Asteari amaiera emateko, zapatuan [maiatzak 9] 20:00etan, herriko frontoian Berriz etorriko zera dokumentalaren estreinaldia izango da. Frankismo garaian Ondarroara etorritako pertsonen inguruko lana da, Ondarroako Udalak ekoitzia eta Jon Maia Soriak zuzendua. Antolatzaileek gogorarazi dute sarrerak Turismo Bulegoan eskuragarri daudela, baina gero eta gutxiago geratzen direla. Eguraldi txarra eginez gero, ekitaldia kiroldegiko kantxan egingo dela jakinarazi dute.