Mutrikuko Gaztetxeak 25 urte ospatuko ditu musika eta kultur ekitaldi askorekin
Mende laurdeneko ibilbidea ospatzeko hilabetero jarduerak antolatu ditu, maiatzean abiatuko den egitarau zabalarekin eta urte osoan zehar luzatuko diren ekimenekin.
Mutrikuko gazte mugimenduaren eta kulturaren erreferente den gaztetxeak 25. urteurrena ospatuko du aurten, eta mugarri berezi hori ospatzeko urte osorako egitarau zabala prestatu du. 25 urte, ezto mugaik lelopean, gaztetxeak bere ibilbidea ospatu nahi du, azken mende laurdenean herriko gazteentzat topaleku, sormen gune eta borroka kolektiborako espazio izan denaren aitortza eginez.
Urteurrenaren baitan, hilabetero ekitaldi bereziak antolatuko ditu Mutrikun, askotariko proposamenekin eta publiko zabalari zuzenduta. Maiatzeko egitarauak emango dio hasiera ospakizun urteari, musika, hausnarketa eta topaketa sozialak uztartuko dituen agenda mamitsuarekin.
Lehen hitzordua maiatzaren 1ean izan zen, Langileen Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Egun horretan kontzertu gau berezia antolatu zuten, eta oholtza gainera igo ziren Bles, Maro, Mati, Tasuri, Calié, Mateo Zikuta eta El Garto zein Rumi artistak.
Maiatzaren 2an Defentsa Komunitateko jaialdia egin zen, Akeek eta Mirotz taldeen emanaldiekin. Musikak eta aldarrikapenak bat egin zioten gaztetxearen izaera sozial eta eraldatzaileari keinu eginez.
Kultur proposamenek ere izango dute tartea. Barikuan [maiatzak 8] Balira ekimenaren barruan “Familiako Lexikoa” lanaren inguruko saioa eskainiko da, Natalia Ginzburgen obra ardatz hartuta. Astebete geroago, maiatzaren 15ean, dantzaren historiari eta berpizkundeari buruzko hitzaldia izango da, Irene Galarragaren eskutik. “60. hamarkadako dantza berpizkundea, Gure Ametsa dantza taldearen kasua” izeneko saioak memoria kulturala eta herri ondarea izango ditu hizpide.
Maiatzaren 22an, MRK kolektiboak antolatutako kontzertuak izango dira gaztetxean, eta hilaren amaieran, maiatzaren 29tik 30era, Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen topaketak egingo dira Elorrion, gaztetxearen urteurren programazioarekin lotuta.
Egitarau berezi honek ez du maiatzean amaituko. Gaztetxeko kideek aurreratu dutenez, urte osoan zehar hilabetero jarduerak iragarriko dituzte, 25 urteko historia ospatzeko eta etorkizunera begira gaztetxearen proiektua indartzen jarraitzeko.
Mende laurden honetan, gaztetxeak belaunaldi askoren topagune izatea lortu du, autogestioaren, kultur sorkuntzaren eta herri mugimenduaren aldeko apustua eginez. Orain, 25. urteurrenarekin, iraganari aitortza egin eta etorkizunari indarrez begiratzeko unea iritsi zaio Mutrikuko gaztetxeari.