Berriatuako Udaleko Berdintasun Sailak, Berritxuko Foro Feminista eta Enarak kooperatibarekin elkarlanean, etxeko eta zaintza lanetan diharduten profesionalentzako informazio baliagarria jasotzen duen bigarren liburuxka aurkeztu du. Argitalpen berriak kaleratzea eta langabezia prestazioari buruzko informazioa biltzen du, sektoreko langileen eskubideen ezagutza indartzeko helburuarekin.
Ekimen hau zaintza lanak duintzeko eta sektorean diharduten emakume askori tresna praktikoak eskaintzeko abiatutako informazio sortaren barruan kokatzen da. Lehenengo liburuxkan lan kontratua, lan jarduna, soldata, kotizazioa eta barne etxeko lanen inguruko edukiak landu ziren, eta orain kaleratutako bigarren aleak kaleratze prozesuei eta langabezia prestazioei buruzko zalantzak argitzea du xede.
Materiala euskaraz zein gaztelaniaz dago eskuragarri, eta antolatzaileek herritarren artean zabaltzeko deia egin dute, bereziki zaintza eta etxeko lanen sektorean lanean ari diren pertsonengana iristeko.
Berdintasun Sailak aurreratu du ekainerako hirugarren liburuxka argitaratuko dutela. Gainera, lehenengo argitalpenarekin egin bezala, bigarren eta hirugarren kuaderniloetako edukiak lantzeko eta sortu daitezkeen galdera edo zalantzak argitzeko lan saio berezi bat antolatuko dute herrian sektore honetan lanean ari diren emakumeekin. Saio hori ekainean egingo da, eta helburua izango da informazioa modu kolektiboan lantzea, esperientziak partekatzea eta zaintza lanen errealitateari buruzko hausnarketa sustatzea.
Ekimenaren sustatzaileek azpimarratu dute zaintza lanek gizartean duten funtsezko balioa aitortu eta sektoreko profesionalen lan baldintzak hobetzeko urratsak ematen jarraitzea ezinbestekoa dela. Horregatik, herritarrak animatu dituzte gaian interesa izan dezaketen pertsonen artean materiala zabaltzera, zaintza lanak duintzeko bidean urrats berriak ematen jarraitzeko.