Gizaburuagak hartuko du Lea Ibarreko Umeen Eguna
Zapatuan [maiatzak 9] Lea Ibarreko Umeen Eguna ospatuko dute Gizaburuagan. Egun guztiko jai giroaz gozatzeko aukera izango dute gaztetxoenek.
Urtero legez, maiatzagaz batera dator aurten ere Lea Ibarreko Umeen Eguna. Hala, zapatuan [maiatzak 9] ospatuko dute Lea Ibarreko ume zein gaztetxoei zuzendutako jai eguna. Urtez urte, bailara hori osatzen duten bost udalerriak arduratu izan dira eguna antolatzeaz, Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoagaz batera, eta aurten, Gizaburuagaren txanda izango da.
Arratsalderako egitaraua antolatu dute zapaturako; 16:00etan emango diote hasiera jai giroari. Askotariko jarduerak egongo dira aukeran Gizaburuagan, izan ere, bertaratzen diren ume zein gaztetxoek denetarik aprobatzeko aukera izango dute; besteak beste, ludoteka, puzgarriak, hondarrezko gazteluak, zezen mekanikoa eta zirku eskola. 19:00ak arte luzatuko dira aipaturiko jarduerak, eta, gero, Oier Jurado magoak magia ikuskizuna eskainiko du. Antolatzaileek aurreratu dutenez, eguna “ondo” bukatzeko txokolatada egongo da bertaratu diren guztientzat.