Kirol udaletakuetako eskaintza bateratua aurkeztu dute Ondarroan
Ondarroako Udalak, Zaldupe udal kiroldegiak, Ondarroa Arraun Elkarteak eta Aurrera Kirol Elkarteak batera aurkeztu dituzte udako kirol udalekuak.
Udako udalekuak batera aurkeztu dituzte. Ondarroako Udala. Ondarroako Udalaren ekimenez, udako kirol udalekuetako eskaintza bateratua aurkeztu dute Ondarroa Arraun Elkarteak, Aurrera Kirol Elkarteak eta Zaldupe udal kiroldegiak. Ondarroako Udaletik adierazi dutenez, bi helburu beteko dituzte eskaintza guztiak batera aurkeztearekin: “Batetik, kirol eskaintza bateratua aurkeztea, eta bestetik, ume eta gurasoei erraztasuna ematea udako jarduerak aukeratzeko. Izan ere, uste dugu garrantzitsua dela denok batera aurkeztea egongo diren eskaintzak, horrela bakoitzak nahi duena aukeratzeko eta bere udaldia ondo antolatu ahal izateko”.
Ibon Bergara Etxearte kirol zinegotziak adierazi duenez, herrian kirola egiteko aukera “zabala” da: “Gainera, zer hobeto umeen udako oporrak kirola eginez eta jarduera ezberdinak ezagutuz hastea baino. Horrez gain, uste dugu kontziliaziorako jarduera ezinbestekoak direla, guraso askok lan egiten baitute oraindik data horietan”. Udaletik nabarmendu dute datorren urtera begira ere aurkezpen bateratua egitea gustatuko litzaiekeela, eta ahal izanez gero, baita kirol jarduera gehiago gehitzea ere.
Beraz, hiru eskaintza ezberdin egongo dira udan Ondarroan umeentzako: kirol udalekuak, Aurrera kanpusa eta arraun eskola. Kirol udalekuetan eta Aurrerako kanpusean izena emateko azkenengo eguna maiatzaren 15a izango da, eta Arraun Eskolako datak aurrerago zehaztuko dituzte.
Ondarroako Udalak eta Zaldupe udal kiroldegiak antolatutako kirol udalekuak Lehen Hezkuntzako lehenengo mailatik seigarren mailara arteko gaztetxoei zuzenduta egongo dira, eta bi txanda egongo dira: ekainaren 29tik uztailaren 10era eta uztailaren 13tik 24ra. Kirol jarduera ezberdinak praktikatuko dituzte umeek, eta jolas, irteera eta jaiekin uztartuko dituzte. Zaldupe udal kiroldegian egingo dira, 09:30etik 13:00etara.
Aurrera kanpusa Aurrera Kirol Elkarteak antolatutako jarduera izango da, 2014tik 2020ra bitartean jaiotakoentzat; bi urteak barne. Lau txanda egongo dira: ekainaren 22tik 26ra; ekainaren 29tik uztailaren 3ra; uztailaren 6tik 10era; eta uztailaren 13tik 17ra. 10:00etatik 14:00etara bitartean izango da, Zaldupe udal futbol zelaian, eta gaztetxoek futbolaz gozatzeko aukera izango dute. Horrez gain, goizetan, 09:15etik 10:00etara eskolako lanak egiteko aukera ere egongo da. Izena emateko Aurrera Kirol Elkarteak zabaldutako galdetegia bete beharko da.
Azkenik, Ondarroa Arraun Elkarteak arraun eskola antolatu du aurtengo udako ere; ekainaren 29tik uztailaren 24ra, asteka apuntatzeko aukerarekin. 10:00etatik 13:00etara izango da egunero, udal arraun egoitzan, eta izena emateko arraun elkarteak sare sozialen bidez zabalduko duen galdetegia bete beharko da.