Lea Ibarreko EH Bildu: "Lekeitioko aparkaleku sistemak Lea-Artibairen kohesioa indartzen du"
Koalizioak udal gobernuaren erabakia babestu du, eta eztabaida eraikitzailea eskatu du ebazpen judizialaren ostean sistema hobetzeko.
Lea Ibarreko EH Bilduk publikoki babestu du Lekeition ezarritako aparkaleku sistema berria, herritarren aparkatzeko eskubidea bermatzeko ez ezik, eskualde osoaren lurralde kohesioa indartzeko ere ezinbesteko neurria dela azpimarratuz.
“Lekeition, bereziki uda sasoian, aparkatzeko arazoa aspaldikoa da. Aurreko agintaldian hainbat neurri hartu baziren ere, horiek ez ziren nahikoak izan arazoari behin betiko irtenbidea emateko. Horren aurrean, egungo udal gobernuak sistema berri bat jarri zuen martxan bertoko egoiliarrek urte osoan bezala udan ere aparkatzeko bermea izan dezaten”, gogoratu du koalizioak. Gainera, neurri horrek inguruko herri txikietako herritarrei ere aukera hori zabaldu ziela azpimarratu dute, kontuan hartuta askok Lekeitiora jo behar izaten dutela oinarrizko zerbitzuetara heltzeko, hala nola osasun arreta, merkataritza, kirol instalazioak, ikasketak edo harreman pertsonalak mantentzeko. “Etxebizitzaren egiturazko arazoaren ondorioz, hainbat gazte lekeitiar inguruko herrietara bizitzera joan dira. Lea bailararen lurralde-kohesioan gaur-gaurkoz Lekeitiok duen zentralitateaz ari gara”.
Hasieran sistemak zalantzak sortu bazituen ere, koalizioaren arabera, azalpenak eman ahala herritarren gehiengoaren babesa lortu du. Testuinguru horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak udal ordenantzaren puntu gehienak berretsi dituela nabarmendu du EH Bilduk, nahiz eta inguruko herrietako bizilagunei egoiliarren eremuan aparkatzeko aukera ematen zien artikulua baliogabetu duen. Egoera horren aurrean, Lekeitioko eta inguruko herrietako EH Bilduk udal gobernuak hartutako erabakia txalotu du, erabaki “ausart eta irmoa” euren iritziz: herritarrak erdigunean jartzen ditu, Lekeitio herri bizigarria eta bailararen euskarria izaten laguntzen du eta bertoko herritarren eta ingurukoen beharrizanak eta elkarbizitza bera errazteko erantzuna eman du. Urte osorako eman ere”.
Azkenik, koalizioak eskualdeko eragile sozial eta politikoei dei egin die eztabaida eraikitzailea sustatzeko, udalerrien arteko lankidetza indartuz Lea-Artibaiko erronkei erantzun partekatuak emateko. EH Bilduk adierazi du lanean jarraituko duela herritarren beharrak lehenesten dituzten udal politikak defendatzen eta espazio publikoaren erabilera arduratsua urte osoan sustatzen.