Artisau eta ekoizleak izango dira protagonista zapatuko Mutrikuko Merkatu Txikian
Beheko plazan egongo da Merkatu Txikia, 10:00etatik 14:00etara.
Zapatuan [maiatzak 9] Merkatu Txikia egongo da Mutrikun, eta oraingoan, taloak dastatzeko eta tokiko artisautza produktuak zein elikagaiak erosteko aukera egongo da. “Herritarrei tokiko artisautza eta produktu ugari ezagutzeko eta erosteko aukera eskainiko ditu zapatuko Merkatu Txikiak”, azaldu dute Mutrikuko Udaletik. Hala, Beheko Plaza hartuko du merkatuak, 10:00etatik 14:00etara.
Hamaika artisau eta ekoizlek osatuko dute zapatuko azoka: Goienetxe (Artai gazta), Zuluk (bitxiak), Zortziko (Debabarrenako erleek ekoiztutako eztia), Mikkota Art (bitxiak), Amaia Aberasturi (artisautza), Alma Terra Artesanal (artisau kandelak eta gehiago), Ekoalboraz (barazki ekologikoak), Anabel Muñoz (bitxiak), Lourdes (poltsak), Rosi Satur (artisautza) eta Mutrikuko Institutua.
Gainera, udaletik jakinarazi dutenez, Mutrikuko baserritarren elkarteak (Mubae) talo tailerra eskainiko du, “bertaratzen diren guztiek taloa dastatzek oaukera izango dute”.
Artisau eta ekoizleen azoka eta talo tailerraz gain, azoka solidarioa ere egongo da zapatuan. Izan ere, Eskola Agenda 2030 programaren baitan, udalerriko hiru ikastetxeek postuak jarriko dituzte: “Bigarren eskuko artikuluak erosi ahal izango dituzte herritarrek; besteak beste, liburuak, jostailuak, kirolerako materialak eta bestelako objektuak”.
Mutrikuarren artean kontsumo arduratsua, berrerabilpena eta ekonomia zirkularra sustatzea da azokaren helburua: “Ekitaldiak izaera solidarioa izango du, eta bildutako dirua Elikagai Bankuarentzat izango da”.