Langatxo eta Iruroin kobazuloetako azken aurkikuntzei buruzko hitzaldia egongo da Mutrikun
Jesus Tapia Sagarna arkeologoak eskainiko du hitzaldia martitzenean [maiatzak 12], 19:00etan, Zabiel Kultur Etxean.
Burumendi Espeleologia taldeko kideak Langatxo kobazuloan. Burumendi Espeleologia taldea. Mutrikuko Burumendi Espeleologia taldeak antolatuta Langatxo eta Iruroin kobazuloetako azken aurkikuntzei buruzko hitzaldia egongo da martitzenean [maiatzak 12], 19:00etan, Zabiel Kultur Etxean. Aranzadi Zientzia Elkarteko kide den Jesus Tapia Sagarna arkeologoak eskainiko du hitzaldia. Sagarna, Aranzadi Zientzia Elkarteko kide izateaz gain, Esku hartze arkeologikoa Langatxo eta Iruroin haitzuloetan (Mutriku). Azterketa estratigrafikoa eta topografia, 2020ko kanpaina proiektuaren zuzendaria ere bada.
Mutrikuko Burumendi Espeleologia taldeak azaldu duenez, 2020an elkarlanean ibili ziren Tapia eta espeleologia taldea: “2020. urtea berezia izan zen; izan ere, Burumendi Espeleologia taldeak lanean jarraitzeko aukera izan zuen. Hain zuzen ere, lan horietako bat Erramuko Kobak topografiatzea izan zen, Jesus Tapia Arkeologoarekin elkarlanean”. Bereziki, Langatxo eta Iruroin koben dokumentazio topografikoa egitea zen xedea. Horrez gain, Jesus Tapia Sagarnak Langatxon aurkitutako materialaren zerrenda ere osatu zuen.
Egindako topografiek aztarnategia babesteko balio izan dutela azaldu dute Burumendi Espeleologia taldetik: “Egindako lanak gizakiaren okupazioa kokatzeko eta ulertzeko aukera emango du. Gainera, Burumendiren ekarpenak Tapiak zuzenduriko proiektuan ikusgai gelditu dira, eta Aranzadiko urtekarian argitaratu zituzten”. Espeleologia taldetik jakinarazi dutenez, beste proiektu batean ere badabiltza elkarlanean, “baina oraindik emaitzak ezin dira kaleratu”.
Jesus Tapia. Gipuzkoar arkeologoa da Jesus Tapia Sagarna, bereziki Historiaurrea ikertu duena. 2003az geroztik, Aranzadiko kide gisa hainbat ikerketa proiektu gidatu ditu, batez ere aire zabaleko historiaurreko aztarnategiak identifikatzera eta Gipuzkoako historiaurrean gutxi ezagutzen diren garaiak aztertzera bideratura daudenak. Horien artean nabarmentzekoak dira Donostialdean egindako aire zabaleko prospekzioak eta Lasturko Linatzeta aztarnategi mesolitiko neolitikoan gaur egun egiten ari diren indusketak.