24 ordu, 420 kilometro eta bizipozaren erronka
Ander Txakartegi Helmugak proiektuaren sortzaileak azaldu du maiatzaren 22tik 24ra Berriatuan egingo den ekimenak kirola, herrigintza, euskara eta elkartasuna uztartuko dituela Lea-Artibai osoan, 420 kilometroko erronka ikusgarri baten bidez umeen aldeko mezu kolektiboa zabaldu eta eskualde osoa solidaritatearen bueltan batuz.
Berriatua prest dago maiatzaren 22tik 24ra elkartasunaren, euskararen eta komunitatearen aldeko asteburu berezia bizitzeko. Helmugak Bizipoza Jaiaren bueltan, Lea-Artibai kolorez, musikaz eta elkartasunez beteko da, eta horren guztiorren erdigunean Ander Txakartegi egongo da berriz ere. Berak, baina, argi dauka protagonismoa ez dela berea, baizik eta herri osoarena.
Helmugak elkarteko kideak azaldu duenez, egitekoa diren ekimena ez da egun batetik bestera sortutako ideia bat. Sustrai sakonak ditu, eta 2015ean sortutako Helmugak elkartearen balioetan oinarritzen da erabat. “Helmugak lau ardatzen inguruan sortu zen: euskara, kirola, natura eta pertsona. Gure erronkek balio horiek izan dituzte oinarri, eta urteekin forma desberdinak hartu badituzte ere, funtsa beti bera izan da”.

Bide horretan mugarri garrantzitsua izan zen 2020ko Agertxo Pirata proiektua. Esperientzia hark elkartasunaren bidea indartu zuen, eta handik gutxira Bizipoza elkarteagaz harremana estutzen hasi ziren. Helburua argia zen: ordu arte egindako erronka pertsonalak dimentsio kolektiboago batera eramatea eta umeengan, haien beharretan eta begirada haien ikusgarritasunean jartzea. Horren emaitza da Helmugak Bizipoza Jaia. “Aspalditik geneukan buruan Bizipozaren jaia Lea-Artibaira ekartzea. Ez bakarrik erronka bat egitea, baizik eta erronka hori jai handi bategaz lotzea, herri osoak parte har zezan”. Ardatz nagusietako bat hilaren 22an 22:00etan Berriatutik abiatuko den erronka ziklista da. Txakartegik eta laguntzaile talde batek Lea-Artibai eskualdeari sei bira emango dizkiote bizikletaz 24 ordutan.
420 kilometro eta 8.500 metroko desnibel positiboa osatuko dituzte, eskualdeko herri guztiak lotuz. Ibilbidea Berriatutik abiatu eta Markina-Xemein, Etxebarria, Munitibar, Aulesti, Amoroto, Gizaburuaga, Ispaster, Lekeitio, Mendexa eta Ondarroatik igaroko da berriz Berriatura itzultzeko. Sei aldiz egingo dute.
Erronkaren berezitasuna ez da distantzia bakarrik. Herri bakoitzean geldialdi sinbolikoak egingo dituzte, eta tokian tokiko ordezkariei opari bana emango diete elkartasunaren eta herrien arteko loturaren ikur gisa. “Kilometroak gogorrak dira, baina benetako zailtasuna desnibel jarraitua da. Lea-Artibaiko orografia etengabeko gora-behera da, eta ia ez dago atseden hartzeko tarterik”, azaldu du Txakartegik. Hala ere, erronkaren alderdi garrantzitsuena ez da fisikoa. “Erronka hau ez da nirea. Jende askok lagunduko du zatika. Batzuek buelta bat egingo dute, beste batzuek ordu batzuk. Hor dago indarra, bakoitzak bere hondar alea jartzean”.
Intxaurrondotik hasiko da
Erronka hasi aurretik une berezia biziko da Berriatuan. Parte hartzaileak herriko intxaurrondora joango dira, oroimenari lotutako espazio sinbolikora. Bertan eguzkiloreak jarriko dituzte, Ager eta Josuneren omenez. Keinu hunkigarri horrek lotura zuzena dauka Helmugaken historian eta urte horietan elkarteak defendatu dituen balioekin.
Ondoren hasiko da benetako erronka, eta 24 ordu geroago, maiatzaren 23ko gauean, Berriatuko plazan egingo dute sarrera berezia, umeekin eta herritarrekin batera.
Ekimenaren helburua ez da kirol balentria bat erakustea. “Askotan arreta erronkan jartzen da, baina benetako mezua beste bat da: elkarrekin indartsuagoak garela. Hemen bakoitzak bere ekarpena egiten badu, hondar ale askogaz hondartza ederra osatzen da”. Ildo beretik, Bizipozagaz elkarlanean egiten duten lana ezinbestekotzat jo du. Elkarteak gaur egun izaera bereziko egoerak lantzen dituzten 39 elkarte biltzen ditu, eta umeen behar eta errealitate anitzak gizarteratzea du helburu. “Dirua garrantzitsua da, baina oihartzuna are garrantzitsuagoa da askotan. Jendeak errealitate hauek ezagutzea, haiekin solidarizatzea eta sentsibilizatzea da benetako irabazia”.
Solidaritatearen eskualdea
Azken hilabeteetan aurkezpenak egin dituzte eskoletan, herriz herri, ekimena gazteenengana eramateko. Txakartegiren ustez, arrakasta ez da neurtuko zenbat kilometro egingo dituzten edo zenbat pertsona bertaratuko diren ikusita, baizik eta lortzen duten arrasto sozialaren arabera. “Nahi dugu Lea-Artibaiko ume guztiek Bizipoza ezagutzea. Etorkizunean hauek izango dira solidaritatearen kultura zabalduko dutenak. Guretzat hori lortzea garaipen handiena izango litzateke”. Erronkaz gain, asteburu osoan egitarau zabala izango da Berriatuan.
Asteon egindako aurkezpen sozialak jada eman zuen datozen egunetan biziko denaren aurrerapena. Herria kolorez, musikaz eta emozioz bete zen, Porrotx eta Zapotxin pailazoak, Bibitxa kolektiboa, Bizipoza eta Helmugak protagonista zirela. Maiatzaren 22an erronkaren hasiera eta kontzertuak izango dira. Barikuan haurrentzako bizikleta jarduerak eta kirol ekintzak egingo dira. Igandean, berriz, festa nagusia ospatuko da Porrotx, Marimotots eta Zapotxinen emanaldiagaz, kalejiragaz, paella solidarioagaz, Go!azen ikuskizunagaz eta kontzertuekin.
Helmugakek argi dauka bidea ez dela hemen amaitzen. Bi urtetik behin jai handi bat antolatzeko asmoa daukate, eta tarteko urteetan ere erronka berriak prestatuko dituzte, umeen aldeko mezua zabaltzen jarraitzeko. “Gure konpromisoa ez da egun batekoa. Beti egongo gara umeen beharrei ikusgarritasuna ematen, elkartasun olatua zabaltzen eta herria mugiarazten”.