Jolas artean hasi dituzte sangregorioak
Shibarik ordezkatuko du Arlanka San Gregorioko gaurko [barikua] kontzertuetan.
Berriatua prest dago jaietako bigarren asteburuari hasiera emateko. Gaur [maiatzak 8], jardueraz beteriko eguna izango da. Goizean, 10:00etatik 13:00etara, umeentzako jolasak egin dituzte. Herriko plaza umeekin eta gurasoekin bete da. Giro herrikoian eta onean umeek puzgarrietan jolastu dute goiz osoa, eta marrazketa zein kareten tailerretan parte hartu dute. Arratsaldean, 18:00etan, Kataluniatik etorritako ordezkaritza bati ongietorria egingo zaio, eta 19:30ean, Sarats Dantza Taldearen emanaldia izango da. Gauari amaiera emateko, 22:30etik aurrera, kontzertu gau handia izango da. Azken orduko aldaketa baten ondorioz, Shibari taldeak ordezkatuko du Arlanka, osasun arazoengatik baja hartu ostean; hala ere, Txuleria Joder! eta Añube taldeek ere euren emanaldiak eskainiko dituzte. Eskualde osotik jendea erakartzea espero dute antolatzaileek.
Halaber, egitaraua eguenean [maiatzak 7] hasi zen kaxeroen jaitsiera tradizionalagaz. Jaietako ekitaldirik esperoenetakoa izan da, eta aurten berezia izan da, izan ere, pregioia herriko gazte eta umeek hartu baitute euren gain. Kaxeroaren eta monitoreen arteko elkarrizketaren bidez, belaunaldi berrien indarra eta herriko etorkizunean izango duten protagonismoa nabarmendu zituzten, “Lore Berri” ekimenaren bitartez herriko gazteen parte-hartzea eta aniztasunarekiko errespetua aldarrikatuz. Bertso eta aldarrikapen artean, errespetua, askatasuna eta elkarbizitza izan ziren mezu nagusiak, eta amaieran oihu ozenez goraipatu zituzten Berritxuko umeak, gazteak, kultura desberdinak eta Kaxero bera. Aurten ere 40 bat lagunek, ume zein helduk, parte hartu dute herriko kaleetan barrena egindako kalejiran, eta antolatzaileek herritarrak mozorrotuta irtetera eta giroan murgiltzera animatu dituzte. Ondoren, 19:30ean, Olatz eta Aiza bikotearen musika emanaldia egon zen.
Egitarauak domekan [maiatzak 10], jarraituko du herri kirolen aldeko apustuagaz. 12:00etan, aizkolari eta harri-jasotzaile ezagunek parte hartuko duten probak egingo dira. Arratsaldean, 19:00etan, Tapia eta Leturia taldearen kontzertuak emango dio amaiera asteburuko egitarau nagusiari. Antolatzaileen arabera, publiko zabalago bati zuzendutako proposamena da, musika eskaintzari aniztasuna emateko helburuagaz.
Egun batzuetako etenaldiaren ostean, jaiak maiatzaren 14an itzuliko dira Ekai Lersundiren dokumentalaren emanaldiarekin, LGTBIfobiaren aurkako egunaren harira antolatuta. Amaiera handia maiatzaren 16an iritsiko da, BTT martxagaz, zesta punta probagaz eta 38. San Gregorio Txapelketako finalakaz.
Antolatzaileek mezu argia zabaldu dute: jaiak gozatu, ekitaldi guztietan parte hartu eta ospakizunak errespetuz eta elkarbizitzaz bizitzea, Berriatuk beste behin jai gogoangarriak bizi ditzan.