Berriatuko San Gregorio jaietako Paella Egunean 820 lagun eta 36 paella bildu dira
Joseba Goienola alkateak atzoko giro aparta nabarmendu du, eta euri arriskuaren aurrean jaiak aurrera egingo duela ziurtatu
Berriatuko San Gregorio jaiek ez dute etenik, eta gaur [ maiatzak 9] jaietako hitzordu jendetsuenetako bat ospatuko dute herrian: Paella Eguna. Guztira, 820 lagunek hartuko dute parte eta 36 paella aurkeztuko dituzte aurtengo edizioan, herriko jai giroa indartuz.
Joseba Goienola alkateak azaldu duenez, eguraldiaren iragarpenak ez du gaurko eguna baldintzatuko. Euria eginez gero ere, antolakuntzak alternatibak prest ditu. “Denok agian ez gara toki berean sartuko, baina beharrezkoa bada frontoira joango gara. Herritarrek badituzte aukerak eguna normaltasunez egiteko”, adierazi du.
Alkateak oso balorazio positiboa egin du jaietako asteburu indartsuaren ostean, bereziki atzo, ostirala, bizi izan zen giroagatik. Kontzertuek eta gaueko erromeriak jendetza batu zuten, eta une batzuetan euriak agerpena egin bazuen ere, ez zuen ospakizuna zapuztu.
“Atzo kristongo giroa egon zen. Euri pixka bat egin zuen une batean, baina gero barruan jarraitu ahal izan zen, eta gainontzeko ekitaldi guztietan jende pila bat ibili zen. Oso ondo joan zen”, nabarmendu du.
Gaurko egitaraua mezeagaz hasi da eguerdian, eta ondoren erraldoien kalejirak girotu ditu herriko kaleak. 14:30ean egin da paellen aurkezpena, eta segidan bazkaria izan da.
Arratsaldean, 17:30ean playback emanaldiak hartuko du lekukoa, eta ondoren Skapaie elektrotxarangak girotuko ditu kaleak. Gauean, berriz, Mirua, Iratzar erromeria eta Elepunto taldeen kontzertuek emango diote jarraipena jai giroari.
Goienolak azpimarratu du aurtengo jaietan giro herrikoia eta parte-hartze handia nagusitzen ari direla. “Jende asko dabil, giro oso ona dago eta aurten jai politak izaten ari dira”, adierazi du.
Berriatuko San Gregorio jaiek domekara arte jarraituko dute; bihar Herri Kirolak eta Tapia eta Leturiaren emanaldia izango dira jaiak agurtzeko azken ekitaldi nagusiak.