Aulesti eta Markina-Xemein arteko Bizkaibus zerbitzua egokitzeko sinadura bilketa abiarazi du Herri Txikiak Bizirik! plataformak
Aulestiko Herri Txikiak Bizirik! plataformak sinadura bilketa jarri du martxan, Aulesti eta Markina-Xemein arteko zerbitzua maiztasun "egokiagaz" jarri, eta landa eremuko herritarrek herri handiagoetako zerbitzu berdinak edukitzeko eskatzeko.
Sinadura bilketa abiarazi dute. Herri txikiak bizirik! plataforma Aulestiko Herri Txikiak Bizirik! plataformak alegazioa aurkeztu du Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, Aulesti eta Markina-Xemein arteko Bizkaibus zerbitzua maiztasun egokiagaz jartzeko, eta landa eremuko herritarrek inguruko herri handiagoetako zerbitzu berdinak edukitzeko. Izan ere, plataformaren esanetan, Busturialdea eta Lea-Artibai eskualdeko garraio publiko erregular eta iraunkorreko eta erabilera orokorreko zerbitzuaren aurreproiektuan ez da aurreikusten Aulesti eta Markina-Xemeinen arteko autobus zerbitzurik. Alegazioa 2026ko maiatzaren 11n aurkeztu zuten Aulestin, eta orain, sinadura bilketa jarri dute martxan Bizkaiko Foru Aldundira aurkezteko.
Alegazioan bi eskaera nagusi egin dituzte: alde batetik, Aulesti eta Markina-Xemein arteko Bizkaibus zerbitzua maiztasun egokiarekin ezartzea, herritarren eguneroko beharretara egokituta; eta bestetik, landa eremuko herritarrek hiri handiagoetako biztanleen zerbitzu berdinak izatea. Plataformatik nabarmendu dute autobus zerbitzu berriak hezkuntza, administrazio eta osasun zerbitzuetarako sarbidea erraztuko lukeela, baita ingurumenari ere mesede egingo liokeela auto pribatuaren erabilera murriztuta.
Alegazioan azaltzen denez, Aulestiko biztanle askok egunero jo behar izaten dute Markina-Xemeinera hainbat arrazoirengatik: “Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egiteko, batxilergoa edo Lanbide Heziketa ikasteko, administrazio zerbitzuetara jotzeko edota kirol eta aisialdiko jardueretan parte hartzeko”. Gainera, Markina-Xemein inguruko herrietara edo Ondarroa, Durango, Ermua eta Eibarrera joateko garraio lotura nagusietako bat dela azpimarratu dute. Herritarren arabera, gaur egun garraio publiko egokirik ez dagoenez, auto pribatuaren menpe bizi dira. Horrek gastu ekonomiko handiagoa eta kutsadura gehiago eragiten dituela salatu dute, baita landa eremuko herritarren mugikortasuna mugatu ere.