Ekainaren 13an izango da Etxebarriko Ganadu Azoka
Produktuen postua ipini edo animaliak eraman nahi dituztenek maiatzaren 15era arte edukiko dute izena emateko aukera.
Aurten ere, Lea-Artibai eta inguruetako ganaduen plaza bihurtuko da Etxebarria, ekainaren 13an [zapatua] egongo den Ganadu Azokagaz. Bertan, animalien erakusketa eta salerosketa egiteko aukera egongo da, baita elikagaiak erosteko aukera ere.
Etxebarriko Udalak jakinarazi duenez, azokan parte hartu nahi dutenek, gehienez ere, maiatzaren 15erako eman beharko dute izena. Hala, eskaerak aurkezteko bi bide zabaldu dituzte: udaletxean (09:00etatik 14:00etara) edo emailez udala.etxebarria@bizkaia.org helbidera idatzita.
Postua jartzeko orduan hainbat baldintza bete beharko dituzte partaideek, eta doakoa eta librea izango den arren, dieta jasotzeko, erakusketako animaliak herrikoak izan beharko dira. Sei hilabetetik gorako animaliek jasoko dituzte dietak; jabe bakoitzak abere mota bakoitzeko gehienez lau bururen dietak kobratu ahalko ditu. Zaldi, behor, mando, asto eta poniak eroaten dituztenek 75 euro jasoko dituzte buruko; behi, txahal eta idiek, berriz, 115 euro jasoko dute buruko. Sei hilabetetik gorako loteei, berriz, 120 euro emango dizkiete: loteak bederatzi ardik eta ahari batek edo bederatzi ahuntz eta aker batek osatutakoak izan beharko dira.
Horrez gain, euskal arrazako etxabereak eramaten dituztenek izena ematean ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eta honela banatuko dituzte dietak: oilo, untxi, antzara, ahate eta ahuntzen lote bakoitzeko (bi eme eta ar batek osatuta) 60 euro emango dituzte, eta euskal artzain txakur bakoitzeko, berriz, 25 euro jaso ahalko dituzte.
Izena emateko orduan, osasun arloan indarrean dauden arauak bete beharko dituzte; beraz, beharrezkoa izango da animalien kartilla aurkeztea, presentzialki edo e-mail bidez. Gainera, azokak iraun bitartean, animaliak sokan lotuta egon beharko dira.
Animalien azokagaz gain, produktuen azoka ere egongo da ekainaren 15ean. Besteak beste ortuariak, gaztak, gozokiak, eztia, jogurtak, esnekiak eta ogia bezalako produktuak egongo dira salgai. Postua jarri nahi dutenentzat kasetak ipinita egongo dira, eta postu bakoitzari 100 euroko dieta ordainduko diete. Guztira, 10 postu egongo dira: hiru postu gaztagintza eta esnekiak, postu bat ogia eta gozogintza, beste bat eztiarena eta beste bost postu bestelako produktuekin. Postuak esleitzeko irizpideak udaleko webgunean argitaratu dituzte.