Lekeitioko Andraetxeak patriarkatua eta gorputzak lantzeko formakuntza antolatu du
Emaginen eskutik eskainiko diren hiru saioek patriarkatuak eguneroko bizitzan eta harremanetan duen eragina identifikatzeko tresnak eskainiko dituzte.
Andraetxeak “Atera dezagun patriarkatua gure gorputzetatik!” izeneko formakuntza antolatu du, emakumeentzako hausnarketa eta ahalduntze espazioa sortzeko helburuarekin. Saioak Emagin taldearen eskutik izango dira eta eguenean [maiatzak 14] hasiko dira.
Guztira hiru saio egingo dira, bi astean behin, 18:00etatik 19:30era Andraetxean. Taldea itxia izango da eta gehienez 15 lagunek parte hartu ahal izango dute.
Antolatzaileen azaldu dutenez, formakuntzaren helburua da patriarkatuak emakumeen gorputzetan, harremanetan eta eguneroko bizitzan duen eragina identifikatzea eta horri aurre egiteko tresnak lantzea. Komunikatzeko, harremantzeko eta bizitzeko moduetan sistema patriarkalak nola eragiten duen aztertuko dute, ikuspegi kolektibo eta parte hartzaile batetik.
Andraetxeak azpimarratu du formakuntza eta antolakuntza funtsezkoak direla patriarkatuari aurre egiteko eta bestelako bizitza ereduak eraikitzeko. Izena emateko interesa dutenek andraetxea@gmail.com helbidera idatzi dezakete.