Iparraldeko Haizeak kultura eta herri giroa uztartuko ditu asteburu osoan Lekeition
Bertsoak, kantu poteoa, azoka, giza txapelketa, erraldoiak eta musika emanaldiak izango dira Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko lotura ospatzeko.
Lekeitiok Iparraldeko Haizeak jaialdiaren edizio berria hartuko du egunetik zapatura bitartean [maiatzaren 14tik 16ra]. Iparraldeko Haizeak kultur elkarteak antolatutako egitarau zabalak kultura, musika, gastronomia eta herri giroa uztartuko ditu hiru egunetan zehar.
Sarai Goitia Iparraldeko Haizeak kultur elkarteko kideak azaldu duenez, jaialdiaren helburu nagusietako bat “Euskal Herriko iparra eta hegoa batzen dituen topagune bat sortzea” da. Antolatzaileen esanetan, asteburuan zehar herritarren eta bisitarien parte hartze handia espero dute, “giro goxo eta herrikoia” eskainiz.
Egitaraua eguenean [maiatzak 14] hasiko da Galarrenan egingo den bertso-bakarrizketarekin. 19:30ean Alissa Intxausti, Xabat Galletebeitia eta Ana Goitia igoko dira oholtzara.
Barikuan [maiatzak 15], berriz, Kantu Poteoa izango da 20:00etatik aurrera Zineko plazatik abiatuta, “Benta Zaharreko Mutiko Alaiak” taldearekin batera.
Jaialdiko egun nagusia zapatuan [maiatzak 16] izango da. Goizeko 09:00etan hasiko da Gisau txapelketa plazan, eta material banaketa 10:00ak arte egingo da. Guztira 24 kuadrilla eta 25 lapiko inguruk hartuko dute parte lehiaketan.
Goizean zehar, herriko kaleetan Itxaropena txistulariak ibiliko dira, eta plazan Iparraldeko eta Hegoaldeko produktuen azoka egingo da 10:30etik 14:30era. Antolatzaileek azaldu dutenez, 30 bat postu egongo dira, horietatik hainbat Ipar Euskal Herriko ekoizleenak.
11:00etan Ipar Arrinda ardi moztearen erakustaldia egingo da, eta eguerdian Lekeitioko eta Sarako erraldoiek kalejira berezia eskainiko dute Baigorriko gaiteroekin batera. Sarai Goitiaren arabera, aurtengo berrikuntza nagusietako bat izango da hau, “Iparraldeko eta Lekeitioko taldeen arteko elkarlanaren adibide”.
13:00etan Aittitta Makurra txaranga ibiliko da herrian zehar, eta 13:30ean gisa txapelketako lapikoak aurkeztuko dituzte plazan. Herri bazkaria 15:00etan egingo da.
Arratsaldean sari banaketa izango da 18:00etan, eta ondoren Baigorriko Arrola dantza taldearen eta Lekeitioko Etorkizuna dantza taldearen emanaldia egingo da plazan.
Asteburua amaitzeko, 20:30ean Zpeiz Mukaki elektrotxaranga ariko da Eskolapetik. Antolatzaileek nabarmendu dute talde hori urte luzez Iparraldeko Haizeak jaialdiko parte izan dela eta aurten “bereziki gazteek gogoz espero duten” emanaldietako bat izango dela.
Eguraldi txarra eginez gero ere, antolakuntzak prest ditu alternatibak. Ekitaldiak Galarrena, Elizapea, Kontseilupia eta ikastolako frontoia bezalako espazio estalietara eramango dituzte, programazio osoa mantentzeko helburuarekin.
Iparraldeko Haizetatik herritar guztiak gonbidatu ditu asteburuko ekintzetan parte hartzera, “egun batean edo egun guztietan”, eta azpimarratu du giro ona eta herri kultura izango direla jaialdiaren ardatz nagusiak.