Lekeitioko Herri Eskolako Familien Egunerako izena emateko epea domekan amaituko da
Maiatzaren 30ean ospatuko den jaialdiak tailerrak, musika, bazkaria, jolasak eta talent showa izango ditu familia giroan.
Lekeitioko Herri Eskolako guraso elkarteak Familien Eguna antolatu du maiatzaren 30erako, familia osoari zuzendutako jardunaldi berezi eta parte-hartzaile batekin. Ekimenak adin guztietarako ekintzak bilduko ditu, giro herrikoia eta aisialdia uztartuz.
Egunean zehar hainbat tailer egingo dira, besteak beste aurpegi margoketa, puxiken jarduerak eta henna tailerra. Horrez gain, txosna eta musika izango dira, baita bazkaria ere parte-hartzaileentzat.
Jolas eta lehiaketek ere protagonismo berezia izango dute Familien Egunean. Antolatzaileek irrintzi txapelketa, txapel jaurtiketa, bingo musikala eta talent show saioa prestatu dituzte.
Familien Egunean parte hartu nahi dutenek kontuan izan behar dute izena emateko epea domekan [maiatzak 17] amaituko dela. Informazio gehiago eta izen-ematea gurasoelkartea@lekeitiokoherrieskola.eus helbide elektronikoaren bidez egin daitezke.