Maiatzaren 19tik 28ra bitartean Historia Jardunaldiak egongo dira Mutrikun
Mutrikuko Esparbela Elkarteak eta Mutrikuko Udalak elkarlanean Historia Jardunaldiak antolatu dituzte maiatzaren 19tik 28ra.
Esparbela Elkarteak Historia Jardunaldiak antolatu ditu maiatzaren 19tik 28ra bitartean, Mutrikuko Udalarekin elkarlanean. Guztira, lau hitzaldi egongo dira, 19:00etan, Zabiel Kultur Etxean. “Esparbela Elkartea sortu berri dugu Mutrikun, eta aurten kaleratu dugu lehen aldiz urtekaria. Urtekari horretan Mutrikuko historia eta etnografiari buruzko artikuluak idatzi genituen, eta jardunaldien helburua ere berdina da, Mutrikuko historia eta etnografia herriari erakustea”.
Aurreko urteetan Mutrikuko Udalak antolatu izan ditu jardunaldiak, baina aurten, elkartea sortu denez, bera izan da guztia lotu eta antolatzeko ardura hartu duena: “Elkarteko kideok egin genuen bileran pentsatu genuen zein gai jorratu nahi genuen jardunaldietan. Izan ere, argi geneukan txapel orokor bat jarri nahi genuela, eta horregatik aukeratu genuen Mutrikuko ontzigintza, edo orokorrean, itsas mundua”.
Jardunaldien helburua Mutrikuko historia eta etnografiari buruzko mezua zabaltzea da, Mutrikuko ondarearen garrantzia herriari erakusteko, “ez ahazteko“: “Jardunaldien helburua elkartearen berdina da: gurea den historia herriari azaltzea”.
Beraz, maiatzaren 19tik 28ra bitartean, itsas munduan begirada jarrita, lau hitzaldi egongo dira Zabiel kultur etxean: maiatzaren 19an Mutrikuko historiaren adabakiak hitzaldia egongo da, Esparbela Elkartearen eskutik; maiatzaren 21ean Xabier Alberdik Mutrikuren papera euskal basogintza eta ontzigintzaren baitan hitzaldia eskainiko du; maiatzaren 26an Baxurako itsasontziak eta gure arotzen azkenengo eraikuntzak hitzaldia egongo da, Juan Antonio Apraizen eskutik; eta maiatzaren 28an Mutrikuko ontzigintza (XVI-XVII. mendeak) tokiko errealitatetik Gipuzkoako testuingurura hitzaldia emango du Lourdes Odriozolak.
Esparbela Elkarteko kideek jardunaldietan parte hartzeko deia egin die herritarrei: “Zatozte Zabielera, gai interesgarriak landuko dira”.