Saturrarango emakumeen kartzela izango dute hizpide Ondarroako Gaztetxean
Saturraran Elkarteak Saturrarango emakumeen kartzelari buruzko hitzaldia eskainiko du barikuan [maiatzak 15], 18:00etan, Ondarroako Gaztetxean.
Ondarroako Gaztetxeak antolatuta, barikuan [maiatzak 15], 18:00etan, Saturrarango emakumeen kartzelari buruzko hitzaldia eskainiko du Saturraran Elkarteak.
Hitzaldian 1868an Gran Hotel Balneario de Saturraran inauguratu zenetik inguruko etxeetan emandako aldaketak azalduko dira; izan ere, atseden leku izatetik seminario izatera aldatu zen Saturrarango eraikina: “Beti ere, eraikin berdinak zeregin desberdinetarako erabiliz: bainuetxea eta ostatua, seminarioa eta presoentzako pabiloia”. Ondoren, 1938tik 1944. urtera bitartean, Saturrarango eraikinak Espainiako leku ezberdinetatik eramandako emakumeak eta umeak izan zituen bertan, preso. Guztira, 4.000 emakume pasa ziren bertatik: “Aldi bakoitzean 1.500 preso egoten ziren bertan, eta preso guztiak zaintzeko 25-30 moja inguru zeuden. Umeen izenik, ostera, ez da agertzen”.
Elkartetik azaldu dutenez, preso egondako emakume guztiek dute gogoan Sor Maria Aranzazu Velez de Mendizabal moja nagusia, “jantzi zuria soinean eraman arren karitaterik praktikatzen ez zuena; izan ere, gosea, zigorra eta diziplina ziren nagusi Saturrarango kartzelan”. Beraz, elkartetik azaldu bezala, Saturrarango emakumeen kartzelako gertaeretan eta datuetan jarriko dute begirada barikuko bileran.