Etxtrail mendi jaia hartuko du Etxebarriak, estreinakoz
Etxebarriko Udalak eta Txik Txak Kirol Elkarteak antolatuta, trail lasterketa eta mendi martxa egingo dituzte maiatzaren 23an [zapatua] Etxebarrian. I. Etxtrail proban izena eman daiteke oraindik.
I. Etxtrail probaren aurkezpenaEtxebarriko Udala Etxebarritar zein mendizaleek hitzordu berria izango dute maiatzaren 23an [zapatua], udalerriak trail lasterketa eta mendi martxa “berezia” hartuko baititu estreinakoz: Txik Txak Kirol Elkarteak eta Etxebarriko Udalak antolatutako I. Etxtrail proba. Gaur gaurkoz 110 lagun baino gehiago daude antolatzaileek “ilusio handiz” prestatu duten ekimenean parte hartzeko izena emanda, baina eguna iritsi bitartean “kopurua handitzea” aurreikusten dute: izen ematea zabalik dago maiatzaren 22a bitartean [barikua], karteletan jarritako QR kodearen bitartez.
Herriko hainbat elkarte eta boluntariok bat egin dute ekimena aurrera eramateko, eta parte hartzaileen gozamenerako bi ibilbide prestatu dituzte: trailean dabiltzanak zein mendi martxa aukeratzen dutenek ibilbide luzea eta laburra izango dituzte aukeran. Ibilbide luzea 25 kilemetrok eta 1.480 metro positibodun desnibel metatuak osatuko dute eta laburrra, berriz, 14 kilometro eta 830 metro desnibelduna izango da. “Bi aukerek inguruko paisaia eta mendiez gozatzeko aukera emango dute, maila ezberdinetako kirolariei eta mendizaleei egokituta”, nabarmendu dute.
Ibilbide guztiak herriko plazan hasi eta amaituko dira. Ordutegiari dagokionez, mendi martxa luzean izena ematen dutenak 08:00etan aterako dira, eta ibilbide laburrekoak, 09:00etan. Trail luzearen irteera 09:30ean ipini dute eta motzearena, 10:00etan. Proba amaitu ostean, nahi dutenek bertan dutxatzeko aukera izango dute. Gainera, trail probetako parte hartzaileek kamiseta oroigarria jasoko dute, eta proba guztietan izena eman dutenentat zozketak egingo dituzte.
Probak izandako “harrera bikainagaz pozik” dago antolakuntza, mendi ekirol eta herri ekitaldiek eskualdean duten “indarra eta interesa” erakusten dituelako. Horregatik, aurtengoa Etxtrail-aren lehen aldia izango bada ere, “urteetan zehar erreferente bihurtzea” dute xede: “Kirola, natura eta herri giroa uztartuko dituen hitzordu bat sortzea da helburua”.
Herriko elkarte, boluntario eta babesleen laguntza eguna aurrera eraman ahal izateko ezinbestekoa izango denaren jakitun, eskerrak eman dizkiete deitzaileek: “Haien inplikaziorik gabe ezinezkoa izango litzateke halako ekimen bat aurrera eramatea”. Era berean, mendia gustuko duen oro animatu nahi izan dute maiatzaren 23an Etxebarrira gerturatu eta “giro paregabeaz eta mendi jai egun batez gozatzera”.