Itzulia Women lasterketak bide mozketak eragingo ditu
Emakumezkoen Euskal Herriko txirrindulari lasterketarik entzutetsuena Mutrikutik eta Lea-Artibaitik pasatuko da, bihar [maiatzak 15] eta etzi [maiatzak 16].
Bihartik [maiatzak 15] domekara [maiatzak 17] bitartean lehiatuko dute V. Itzulia Women, emakumezkoen Euskal Herriko lasterketa nagusia, eta beste behin bai Mutrikutik, bai Lea-Artibaitik igaroko da. Antolakuntzak mendatez eta koskaz jositako hiru etapa antolatu ditu aurtengo ekitaldirako, Zarautz eta Donostia lotuko dituena. Lehen etapa Zarautzen hasi eta amaituko da; hirugarrena, aldiz, Donostian. Guztira, 372,4 kilometro egingo ditu tropelak, eta hamalau mendate puntuagarri igoko.
Nazioarteko tropela barikuan iritsiko Mutrikura, alegia, estreinako etapan. Txirrindulariak Debatik iritsiko dira, eta Kalbario mendatea igoko dute; Itziar igo ondoren, eguneko bigarren aldapa puntuagarria izango da, eta ia 20. kilometro eroango dituzte hanketan, handik pasatzean. Etaparen lehen txanpan izanik, eguneko ihesaldia egiteko borrokan puntu erabakigarria izan daiteke Kalbario. Jaitsiera egin eta gero, Mendarorako bidea hartuko dute ziklistek.
Ohiko modura, lasterketaren iragateak eragina edukiko du errepideen egoeran; trafiko mozketak egongo dira ibilbide osoan, tropela pasatu baino ordubete inguru lehenagotik. Lasterketako eta Mutrikuko Udaleko ordezkariek aurreratu dute 10:00ak inguruan zarratuko dituztela GI-638 eta GI-3230 errepideak.
Hurrengo egunean, Abadiñotik Zornotzarako bigarren etapan, tropelak Lea-Artibai nahiz Busturialdea zeharkatuko ditu. Txirrindulariek Trabakua igoko dute lehenik eta, Markina-Xemeindik igarota, Milloira joko dute; handik, Lekeitiora. Ispaster eta Ea atzen lagata, Natxitua igoko dute ondoren, eta Gautegiz Arteagatik Gernika-Lumora joko dute, Bermeorako bidea hartu orduko. San Pelaio mendatea igo ostean, Bakiotik Meñakara joko dute, eta ostean Aretxabalgane igoko dute, Larrabetzuko aldetik; azken zatiak Zugastietatik igoko duten Autzaganeko mendatea hartuko du, Zornotzarainoko azken jaitsiera orduko.
09:10etik aurrera itxiko dute Abadiño eta Ondarroa Trabakuan barrena lotzen duen BI-633 errepidea; Lekeition 09:50ean itxiko dute BI-2238 errepidea. Gernika-Lumon, BI-3215 errepidean ezin izango da ibili 10:50etik aurrera. Bermeon, 11:20an mugatuko dute ibilgailuen eta oinezkoen joan-etorria, BI-3101 errepidean. Udaletik aurreratu dutenaren arabera, Txibitxiaga, Santamañe, Prantzisko Deuna, Zubiaur tar Kepa, Aritzatxubidea eta Matxitxako bidea kaleei eragingo diete mugek. Azkenik, 11:50ean zarratuko dute trafikoa Aretxabalgane mendatearen gailurrean, BI-2121 errepidean; Muxikan, BI-635 errepidean, ostera, 12:3oean.
Trafiko mugatze guztiak ordubete ingurukoak izango direla iragarri dute Eusko Jaurlaritzatik, eta Ertzaintzaren bandera berdedun ibilgailuak pasatu ostean berrezarriko dute joan-etorria. Gainera, herritarrei dei egin diete, garraio publikoa erabil dezaten, eta, gidatu behar izanez gero, ordezko ibilbideak erabil ditzaten, denboraz ibil daitezen eta agenteen jarraibideak bete ditzaten.