Lekeitio Lagunkoiak indarra hartu du Mundakako aurkezpenarekin eta zinema saio arrakastatsuarekin

Lagunkoia egitasmoak bere proiektua Mundakan aurkeztu zuen astelehenean eta asteazkenean ikusle marka lortu zuen “Orgullo y prejuicio” filmaren emanaldian, belaunaldi arteko parte hartzea sustatuz.

Aste oparoa izan du Lekeitio Lagunkoia egitasmoak, herriz herriko sare lana eta kultur ekimenak uztartuz. Alde batetik, Lagunkoi taldeko kideak Mundakan izan ziren astelehenean [maiatzak 11], bertako herritarrei eta eragileei euren proiektua azaltzeko eta antzeko ekimen bat herrian martxan jartzera animatzeko.

Mundakako Nagusien Elkartean egindako batzarraren ondoren, Manu Martinez alkateordeak herria erakutsi zien bisitariei. Topaketan, gainera, Lagunkoi Bizkaiko talde motorren eta Euskadi Lagunkoia sarearen sostengua izan zuten, elkarlanaren eta esperientzia trukearen garrantzia azpimarratuz.

Bestalde, asteazkenean antolatutako zinema emanaldian inoizko ikusle kopururik handiena bildu zuten. “Orgullo y prejuicio” filmaren proiekzioak 51 ikusle elkartu zituen, eta antolatzaileek oso positibotzat jo dute datua.

Arrakasta hori Lagunkoi eta Zinemazaleak taldeen arteko elkarlanaren emaitza dela azaldu dute. Izan ere, aurreko asteburuan zine klubeko saioetan Lagunkoiren pelikularen trailerra zabaldu zen, eta aste honetako Lagunkoi saioan, berriz, hurrengo zine klubeko emanaldiaren kartelak banatu zituzten.

Saioan ohiko ikusle nagusiez gain gazte ugari ere izan ziren, eta hori nabarmendu dute bereziki antolatzaileek. Belaunaldi ezberdinen arteko parte hartzea eta zinema zaletasuna sustatzea direla ekimenaren helburu nagusietako batzuk azpimarratu dute.