Lekeition tomatea nola landatu ikasteko ikastaroa egingo dute zapatuan
Lekitto Bedarrak antolatutako saioan Imanol Barainka izango da irakaslea eta amaieran bertako punta luzeko tomate landarak banatuko dituzte.
Lekitto Bedarra elkarteak tomateak modu egokian landatzen ikasteko ikastaro berezia antolatu du zapatuan [maiatzak 16], Lekeitioko Usotegi parkean. 10:00etan hasiko den saioak interesa piztu du dagoeneko, eta antolatzaileek jakinarazi dute 28 lagun apuntatu direla jada. Hala ere, lekua zabala denez, oraindik parte hartzaile berriak onartuko dituzte.
Ikastaroan tomate landarea zelan landatu, azunak zelan jarri, ongarria erabiltzeko moduak, tontorra egitea eta landareen arteko distantziak bezalako gai praktikoak landuko dituzte. Saioa Imanol Barainka taldeko kideak gidatuko du.
Parte hartzaile guztiek amaieran sorpresa berezi bat izango dute. Azken 60 urteotan Lekeition ekoiztu izan den “punta luze” tomatearen landarak oparituko dituzte nahi duten guztien artean. Horrez gain, pintxo eta edariak ere egongo dira giroa borobiltzeko.
Ikastaroaren prezioa bost eurokoa izango da eta izena emateko 605 775 445 telefonora WhatsApp bidez idatzi behar da. Antolatzaileek herritarren interesa eta oihartzuna eskertu dituzte.