Sanisidroen berpiztea
San Isidro jaiak ospatuko dituzte Mendexan eta Mutrikuko Olatz auzoan; azken horretan, ohiturazko jaiak berreskuratu egin dituzte bertako gazteek, auzolana oinarri eta auzo bizitza ardatz.
Baserri mundua eta baserritarrak omentzeko jaiak, sanisidroak ate joka daude Mendexan eta Mutrikuko Olatz auzoan. Hain zuzen, azken horretan azken urteotan ez dituzte San Isidro jaiak ospatu izan, eta, horri buelta eman asmoz, auzoko gazteak elkartu egin dira, eta egun biko ospakizun egitaraua atondu dute bihar [maiatzak 15] eta etzi [maiatzak 16] artean.
Lurra, lana, bizitza lelopean, sasoi bateko jarduerak “berreskuratzeko eta biziberritzeko” asmoz antolatu dituzte jaiak: “Auzotarren arteko lehia sanoa eta auzo bizitza bultzatzeko, Olatz Goiaren eta Olatz Behearen arteko desafioa egingo dugu, zapatuan”. Auzotarrak harri jasotzean, aizkoran, trontzan, txinga eroatean, korrika eta lokotx bilketan arituko dira, zein baino zein gehiago. Hori gutxi ez, eta puntako herri kirolari bik girotuko dituzte, ostean, jaiak: Inhar eta Xuhare Urruzuno harri jasotzaileek.
Herri kirol dema orduko, mezaostean, txistulariek eta trikitilariek girotuko dute auzo ingurua. Bezperan, San Isidro egunez, briska txapelketa herrikoia izango da jaien gailurra; bikote parte hartzaile bakoitzak, izena ematearren, 10 euro ordaindu beharko dituela aurreratu dute. Auzotarrek hala bertako, nola Mutrikuko zein inguruko herritarrei bertaratzeko deialdia luzatu diete: “Aurtengo jarraipena gako izango da, antolatzaileok hurrengo urtean berriro animatu gaitezen; beraz, animatzeko eta Olatzera hurreratzeko deialdia luzatzen diegu guztiei”.
Mendexan ere egongo da zertaz gozatu. 19:00retan hasita, bertan ere herri kirol saioa edukiko dute. Elite mailako aizkolariak izango dira menuaren plater nagusia: Hodei Ezpeletak, Goizeder Beltzak, Mikel Agirrek eta Ernesto Ezpeleta Bihurri-k neurtuko dituzte indarrak. Aizkolari gaztetxoen lehia, ostera, 7 urteko Enarak eta 11ko Aratzek osatuko dute. Harri jasotze lanetan Estefi Etxebeste ibiliko da. Iparraldeko jokoak ere egingo dituztela iragarri dute, Carlos Aretxabaletaren eskutik. Amaitzeko, Fuzanken eskutik dantzarako deia luzatu dute antolatzaileek.
EGITARAUAK
MENDEXA
Bihar.
19:00. Herri kirol saioa: elite mailako aizkolariak, aizkolari gaztetxoak, harri jasotzailea eta Iparraldeko jokoak.
Ondoren. Dantzaldia, Fuzanken eskutik.
MUTRIKU (OLATZ)
Bihar.
12:00. Meza, San Isidro ermitan.
17:00. Briska txapelketa.
Etzi.
12:00. Meza, San Isidro ermitan.
12:30. Txistulariak eta trikitilariak.
13:00. Herri kirolak: Olatz Goia vs Olatz Behea.
Ondoren. Inhar eta Xuhare Urruzunoren harri jasotze erakustaldia.
Amaitzean. Errifen zozketa.