Bizkaiko arrain kontserberetako langileak kalera atera dira
Langileek "hitzarmen duina" eskatu dute. Bi egunetako lanuzteen ondoren, maiatzaren 21ean greba egingo dute.
Bi egunetako lanuzteen ostean, Bizkaiko arrain kontserbetako langileek kalera atera dira gaur [maiatzak 16]. Ondarroako Antxoa Eguna aprobetxatuz, Alde Zaharrean batu dira langileak, eta prekarietateari aurre egitea helburu izanik, hitzarmen duina eskatu dute. “Gaur Bizkaiko kontserbetako langileok jasaten dugun lan prekarietateari aurre egiteko elkartu gara. Bi eguneko lanuzteak egin ondoren, datorren maiatzaren 21ean egun osoko greba egingo dugu”.
Langileek dituzten lan baldintzekin “bizitza jasanezina” dela salatu dute: “Borroka testuinguru honetan patronalaren azken eskaintza hurrengoa izan da: 2028ra arte 1.400 eurora eta 2030era arte 1.500 eurora iristen ez diren soldatak, KPIaren araberako bermerik gabeko igoerak, soldata arrakala onartu bai baina 2030.urtera arte eustea, eta aldizkako kontratu finkoei edo ETTei mugarik ez jartzea”.
Honen aurrean, langileek eskatu dute KPIaren erreferentziak dituzten soldatak igotzea, urteko lan jarduna murriztea, bizitza pertsonala eta lan bizitza bateratzea ahalbidetzen duten baimenak hobetzea, eta patronalak ezartzen dizkien lan bolumen eta lan kargak langileen osasunean eraginik ez izateko neurriak hartzea: “Bizitza jasanezina da lan baldintza hauekin. Ezinbestekoa da gure bizi baldintzak hobetzea. Horrez gain, genero arrakalarekin amaitu behar da parekidetasuna bermatuko duten proposamen errealak eginez. Horregatik, gure egoera nabarmen hobetuko duen eskaintza egon arte borrokan jarraituko dugu“.
